'Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak' ikerketaren inguruan

  • Prentsa erreferentziak irakurrita, azpimarratuta eta jasota banituen ere, joan den astean irakurri dut Eusko Jaurlaritzaren Kultura Sailak 2009an argitaratu zuen Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak. UNESCO Etxeako eta Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrako Amarauna ikerlari-taldeak -Esti Amorrotu, Ane Ortega, Itziar Idiazabal eta Andoni Barreña- eginiko ikerketa lana.


2013ko urtarrilaren 03an - 00:00
Azken eguneraketa: 2015-02-26 13:37:33
'Erdaldunen euskararekiko aurreiritziak eta jarrerak' lanaren azala.

iburuak meritu asko ditu: hasteko oso ondo egituratuta dago eta erraz irakurtzen da; ikerketaren emaitzekin batera, berauek hobeto ulertzeko azalpenak eta ondorio praktikoak eransten dira. Hiru urte pasa badira ere, jorratzen diren gaiek eta ateratzen diren ondorioek erabateko gaurkotasuna dute. Euskararen normalizazioan edo irakaskuntzan dihardutenek irakurri beharreko liburua.

Azterketan metodologia kualitatiboak eta kuantitatiboak erabili dituzte eta emandako erantzunen arabera, hiru tipologia nagusi identifikatu dituzte: aldekoak, kritikoak eta tartean kokatzen diren “bai-baina”koak. Multzo honek normalizazio prozesuan duen garrantziarengatik espreski aztertu dute atal berezi batean.

Ikerketa, liburu formatoan irakur dezakezue edo pdf formatoan lortu euskaraz eta gaztelaniaz.

Laburpen honetan atentzioa eman didaten ondorio nagusi batzuk azalduko ditut. Hortik aurrerakoak, txosten osoa irakurrita jakingo dituzue.

-  Erdaldunek euskara hizkuntza edertzat daukate, berezitzat, positiboki baloratzen dute, baina ikasteko zaila dela uste dute. Umeek erraz ikasten badute ere, adin batetik gora ikastea ia ezinezkotzat jotzen dute. Uste zabaldu honen aurkako antidotoak sortu eta zabaltzea garrantzi handikoa izan daiteke beraz.

-  Motibazio mota desberdin asko dago euskararekiko. Guztiak dira garrantzitsuak eta denak baloratu behar dira positiboki, baina badirudi eraginkorrenak barruko motibazioak direla. Kanpo motibazioak edo instrumentalak ahaztu gabe, hauek suspertzeko neurriak hartu beharko lirateke.

-  Euskarari ez zaio balio instrumental handirik aitortzen, nahiz eta zenbait lanpostutarako beharrezkoa dela ohartu (irakaskuntza eta administrazioa, batez ere).

-  Orokorrean uste da, euskararen gaian aurreratu egin dela azken urteotan eta hizkuntzaren prestigioa hobetu egin dela, nahiz eta batzuen ustez gehiegi balioesten den. Hala ere, ikusten da erabileran ez dela horrenbeste aurreratu eta asko harrituta daude horrekin. Erabilera sozialaren inguruko mezuak gehiago landu beharko lirateke. Ikerketaren egileek dioten bezala, “inguru erdaldunetan umeen inguruan sortzen diren euskara erabiltzeko aukerak gehiago baliatu beharko lirateke”.

-  Helduen artean euskara ikasteko interes handia dago. Bi herenak saiatu dira noizbait. Baina, ikasten eta erabiltzen saiatu den askok atzera egin du “behar bezala” ez hitz egitea zigortzen duten jarrera arauemaileengatik. Horrelako jarrera desmotibatzaileak ekidin egin behar dira.

- Askoren ustez, euskara ikasteko eskaintza zabaldu egin behar da eta ikasleen helburu desberdinei erantzuteko aukera mailakatuak sortu.

- Erdaldunen erdia euskal mundutik hurbil sentitzen da, nahiz eta askorentzat urrun geratu. Ikerketan egoera hau “bi mundu” egoera bezala definitu da. Horregatik euskararekin loturiko mundua azaleratu eta ikustarazi egin behar da eta interesa dutenei, bertan sartzen lagundu.

- Hizkuntzaz aldatzea zaila da, konpromisoa eskatzen du eta ondo azaldu behar da, modu mailakatuan egin daitekeela eta “ez dela ezinbestekoa beti euskaraz egitea”.

-  Euskara politizatuta eta aukera politiko jakin batzuekin lotuta ikusten da. Egoera hori gainditzeko baldintza hauek aipatzen dira: ezagupena orokortzea, egoera politikoa normalizatzea, beste alderdiek euskararekiko konpromisoa hartzea eta euskara nagusiki kulturarekin lotzea.

-  Euskararen etorkizuna eskolak eta erakunde publikoek bermatzen duten ideia oso zabal dabil. Komeni da nabarmentzea babes publikoak ezin dezakeela ordeztu gizartearen inplikazioa.

-  Hedadura handiko beste uste bat hauxe da: Plangintza instituzionala kontsentsurik gabe ari dela egiten. Beharrezkotasuna vs Inposizioa kontzeptuak ere sarri agertzen dira.

- Euskara sustatu behar den ideia oso hedatuta dago. Baina eztabaida hartu beharreko neurri zehatzetara pasatakoan iritzi aniztasuna handia da, ikerketan irakur daitekeen bezala.

Egileek dioten bezala “uste orokortuak oso garrantzitsuak dira ondorio sozialak izaten dituztelako sarri”. Kontua ez baita uste horiekin ados gauden ala ez, baizik eta hor daudela jakinda antolatu behar dugula gure lana eta moldatu gure diskurtsoak, hain zuzen ere, uste horiek aldarazteko.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Soziolinguistika
2024-01-23 | Sustatu
Iñaki Iurrebaso soziolinguistaren hitzaldi sorta herriz herri

Asteartez Zarautzen hasita, Iñaki Iurrebasoren hitzaldi zikloa antolatu du UEMAk. Euskararen egoera ezagutzeko gako berriak ematen dituelako, arnasguneak eta udalerri euskaldunak sendotzea euskararen biziberritzerako giltzarria zergatik den ere azaltzen duelako... [+]


2024-01-19 | ARGIA
1950-1970eko hamarkadetan Altzara heldutako etorkinek euskararekin izan duten harremana aztertu dute

Espainiatik Donostiako Altza auzora migratutako biztanleek euskararekin izan dituzten bizipenak eta jarrerak aztertu ditu Soziolinguistika Klusterrak. Etorkinok integrazio sozialerako eta laboralerako ez zuten euskararen beharrik izan. Euskal hiztunek, berriz, migrazio-prozesua... [+]


2023-08-16 | Ilargi Manzanares
1826ko bertso "berriak", sei emakume haurdun utzi zituen doneztebarrari jarriak

Ricardo Urritzola ikerlariak aurkitu du bertso sorta Nafarroako Errege Artxiboan eta Ekaitz Santaziliak Nafarroako Unibertsitate Publikoko irakasleek aztertu ditu. Fermin Altxu Beristain maisuari leporatutako salaketa baten harira idatzi ziren.


Euskararen gainbehera zantzuak ageri dira udalerri euskaldunetan

UEMAk (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) berariaz aztertu ditu VII. Inkesta Soziolinguistikoak bere herriekiko eman dituen emaitzak, eta argi-itzalak agerikoak dira berriz ere: herri euskaldunenek euskal hiztunak galdu dituzte.


Eguneraketa berriak daude