Hona dekalogoaren 10 puntuak:
- Egiozu txikitatik erdaraz; eskola arduratuko da haren euskalduntzeaz.
- Ez egin sekula euskaraz haren aurrean, familia euskaldunean jaio dela pentsa dezake eta!
- Ez aipatu euskarak historian zehar izan duen zapalkuntza. Erabaki dezala berak adinez nagusia denean.
- Apuntatu ezazu beti aisialdi talde erdaldunetara. Era horretan, gauza dibertigarriak erdaraz soilik egiten direla pentsatuko du.
- Utzi bere esku Youtubeko edozein eduki. Nahiago izango du Heidi edo Marco errumanieraz ikusi, euskaraz ikusi ordez.
- Ez entzun bere aurrean musika euskaldunik. Ea horrek traumaren bat eragingo dion!
- Ikusi harekin streaming plataformetako edukiak erdaraz. Modu horretan, ez du inoiz euskarazko ikus-entzunezkorik ikusi beharko.
- Egin errieta irakasleari euskara "bakarrik" suspenditu duelako. Horrela, urtez urte bere euskara maila gero eta kaskarragoa izango da.
- Irakur ditzala liburu guztiak erdaraz. Bere euskara mailak ez du aurrera egingo, baina lasai! Batxilergoa amaitzean B2ren baliokidea emango diote.
- Hamasei urte betetzen dituenean eman dezala izena euskaltegian. Urte batzuetan C1 titulua lortuko du, eta ez du gehiago euskaraz egin beharko.
Irudian, antidotoetako bat, Youtuben euskarazko playlistak, Euskal Encodings-ek hara salbatutako materialarekin (albistea, urte hasierako, hemen Sustatun).