Kataluniako plebiszitu hauteskundeetara nola aurkeztu eztabaidatzen ari dira Artur Mas Kataluniako Generalitateko presidentea eta ERC. Masek onartu du zerrenda desberdinetan joatea, baina gizarte zibileko ordezkaritza (ANC edo Omniumekoa besteak beste) bere zerrendan aurkeztea nahi du.
ERCk ordea, ez dio uko egin bere zerrendan ere gizarte zibileko ordezkariak sartzeari. Ostiralean egindako agerraldian, Marta Rovira ERCko idazkari nagusiak "zerrenden eztabaida" bukatutzat eman du, bere alderdiak presidentearen hirugarren proposamena, zerrenda desberdinetan aurkezteko aukera ematen zuena, onartu duela esanez.
Ez du irakurketa berdina egin Kataluniako gobernuak ordea. ERCren jarrera zurruntzat jo du, ez direlako hasierako proposamenetik mugitu.
Prozesua geldotu duen eztabaida
Zerrenden gaia bihurtu da Kataluniako prozesuaren eztabaidagai nagusia azken asteetan eta egoera blokeatuta egoteak ezinegona sortu du soberanisten artean.
Aste honetan hasi dira jarrerak hurbiltzen, Masek zerrenda desberdinetan aurkezteko aukera onartu duenean.