argia.eus
INPRIMATU
Eraso zidanarekin elkartu nintzenekoa
  • Erran egin nion umetan sexu abusu bat jasanarazi zidanari: hala egin zidala. Bazekien, sinetsi zidan, eta errespetatu du harekiko behar dudan urruntzea. Zortea izan nuela uste dut; denok ez daukagula bera. Prozesu inperfektu haren kontakizun ez-fikziozko bat da hau.

Maddi Ane Txoperena Iribarren Pikara Magazine @pikaramagazine 2025eko irailaren 22a
Ainara Azpiazu Aduriz (Axpi)

Ez erran inori nobelan (spoiler!) hil egin nuen umetan Lide neskatilari eraso zion Mikel bizilaguna: emakume jada helduak ez zuen aukerarik izan gizonarekin erasoaz hitz egiteko. Heriotzaren biharamunetan, liburuko protagonistak bere buruari galdetzen dio zer eginen ote zukeen erasotzaileak bizirik segitu izan balu. Alferrik. Baina hori literatura da: niri eraso zidana bizirik dago, eta harekin hitz egiteko aukera izan nuen, orain dela urte batzuk. Bertzela, akaso, ezin izanen nukeen liburua argitaratu. Edo liburuak eman dit orain hau idazteko aukera: eraso zidanarekin elkartu nintzenekoaren kontakizuna; benetakoa.

Nik ere ez dakit nondik atera nuen indarra. Behar primario bihurtu zitzaidan, seguru aski. Edo hori, edo seko erotuko nintzen: edo hori edo ni. Eta, azkenean, bai hori eta bai ni —eta ingurukoak, noski—.

Buruan baina idatziz errepasatu nituen aukerak:
A) Ez dizu hartuko telefonoa.
B) Aitzakiaren bat asmatuko du.
C) Badaki zertaz ari zaren.

Hilabeteak neramatzan bizitza izorratu zidan baina aldi berean nire hagitz hurbilekoa zen pertsona hori saihesten saiatzen. Obligazioz tokatu izan ginen aldi zorigaiztokoetan —antsietatea, negargura, egonezina— jada ez nion aurpegira begiratzen ere, edo erantzun idorrak ematen nizkion, ingurukoak ez ohartzeko justukoak. Ez zidan galdetu nire jarrera aldaketaren zergatiaz, eta, beraz, C zen aukerarik probableena: badaki, eta beharbada deseroso dago. A eta B ere sar zitezkeen haren barnean, ordea: badaki, baina…

D) Beharbada ez da denaz oroitzen.
E) Ukatu eginen du.
F) Erantzun txarren bat emanen dit.
G) Ingurukoak nire kontra jarriko ditu.
H)…

Nire orduko mutil-lagunarekin entseatu nuen elkarrizketa. “Aupa, X. Zurekin gelditu nahi dut kafe bat hartzeko”.

Eta “zertarako” galdetzen badit? Hobe Whatsapp bat.

Baina eta ez badit erantzuten?

Inork dei bat hartu aurretik deitzaileak entzuten duen tonuak La nota daukala erran zidan behin musikako irakasleak. Notaren borobil beltzean hutsune zuria duen La luze horietako bat, gutienez.

Hartu zidan. Eta gelditu ginen: kafetegi batean, egun horretan bertan. Haren aitzinean egin eta erran beharrekoa behin eta berriz antzeztu nuen aparkalekuan.

– Arratsalde on, X. Zurekin hitz egin nahi dut, ze…
– Ez da beharrezkoa kontatzea —ni baino urduriago bera; lotsagorritua ere bai—.

Sinetsi zidan, eta ezin nuen sinetsi.

Ondorengo elkarrizketa zatia ez dut ordena kronologikoan argiegi. Eskerrak eman zizkidala uste dut, gaia neronek plazaratzeagatik —“nik ezinen nukeen”—. Barkatzeko. Baina, nik, ez nuela nahi barkamenik. Eta zer nahi ote nuen egin zezan, berak. “Ez dakit, ez dut pentsatu horretan”. Oraingoz ulertzeko nire jarrera, eskatu nion. Harekin hitz gutiko banenbilen edo begiratzen ez banion, errespetatzeko. Denari baietz. Eta niri zintzoa iruditu zitzaidan. Gertatu zena ez zegoen nire aukeren zerrendako hizkirik onenetan ere.

Familia eta ingurua

Nire familia nukleoko hurbileko pertsona bat da (zen?) umetan eraso egin zidana. Hurrengo urratsa etxean erratea zen, beraz —erasotzailearen berrespena behar nuen lehenago. Atera kontuak—.

Nire familia nukleoko hurbileko pertsona bat da (zen?) umetan eraso egin zidana

Bertze eraso bati buruzko elkarrizketa baten ondoko haserrealdiari esker izan zen. Donostialdean ezaguna zen ezker abertzaleko eta herri mugimenduko militante batek argazkiak ateratzeko proposamena egin zigun 40tik gora emakumeri —bai, tartean nengoen, berriro—, eta gertatu zitzaiguna etxean kontatu nuenean hala bota zidan senide batek: “Hurrengoan hobeki pentsatuko duzu non sartzen zaren”. Zer pentsatuko zuen umetakoaz, orduan?

Baina, ez: haiek ere sinetsi egin zidaten —eta iruzkin desegoki horregatik barkamena eskatu, bidenabar—. Geroztik, eraso egin zidanarekin nola jokatu behar duten galdetzen didate hala suertatu daitekeen aldiro, eta izugarri eskertzen diet.

Hilabeteetako gogoeta gorabeheratsu baten ondotik —nirea—, hala adostu nuen —hala agindu nion?— X-rekin: ez zen niretzat segurtasunezkoak eta ohikoak ziren espazioetara hurbilduko, eta ez zidan telefono deirik eginen, ez mezurik bidaliko. Espazio konpartitutan suertatuz gero, justuko harremana. Logistikoki egingarria zen, ez baikara inguru berean bizi. Berriro eskatu zidan barkamena, baina berriro ere ez nion onartu: ez dut sinesten edo ez dut sinetsi nahi barkamenaren eta erruaren kultura kristauean, niretzat ez baitu ezertarako balio, ez bada ardurak gainetik kentzeko. Ulertarazi nion niretzat bera jada ez zela lehengo X, eta ez zela sekula berriro izanen: ezin nituela bereizi eraso egin aitzinekoa, bitartekoa eta egungo pertsona. Azaldu nion arazo ugari eta larriak izanak nituela erasoaren ondorioz. Eta onartu egin zidan.

Gorabeherak prozesuan

Durangoko Azokara noa lagunekin, egun osoko eta parrandarako plana, gogotsu jaikitzen naiz, leihora hurbiltzen naiz zer eguraldi dagoen ikusteko, eta NIRE-ETXE-AZPIAN-DAGO-TIPOA. Bihotz taupada azkartzen zait, ezin naiz etxetik atera, zer eginen dut, nire bila dator, zer erranen dit, zer eginen dit, aaaaaaaaaaaaaaaaaaaa. Bi urte pasatuak dira ez dudala bere berririk, eta orain hau.

Lagunei idatzi: ez noa Durangora, ezin dut etxetik atera, ezin dut ezer egin. Ai ama, ai ama, ai ama.

Azkenean, nire etxean preso leihotik begira espioi bat bezala zelatatzen aritu ondotik —ordu erdi izanen zen gehienez, baina niretzat eternitatea—, bat-batean, badoa. Jantzi, etxetik korrika atera, eta Durangora noa. Ez naiz harekin gurutzatu. Ongi. Baina ezin dut ez azokako jendeaz eta liburuez gozatu, ezta parrandarik egin ere. Kaka zaharra.

Biharamuneko gorputz-bestondo emozional zoragarrian mezu hotz bat —berriro errepasatu dudanean ia kordialegia iruditu zaidana, artetik errateko—: herrian ikusi nuela, eta ez zidala graziarik egin. Ez nekiela zertara etorri zen, baina errespeta zezala nire espazioetara ez joatea, baldin eta ezinbertzekoa ez bazen. Barkamenik ez oraingoan, bere partetik. Nik errana eginen zuela. Ez du berriro araurik hautsi.

Zortea eta gabeziak

Aitzineko artikulu batean ere erran nuen [Ez errepikatzeko bermeak… familian?, Pikara Magazinen argitaratua]; hein batean, zorteduna izan nintzen. Ezagutzen ditut, tamalez, erasotzailearekin hitz egiteko urratsa egin eta ukapena jaso dutenak (“erotuta zaude”), familiako bertze kideek bizkarra eman dietenak —erasotzailea babestuta— edo gertaturikoari larritasuna kendu dietenak (“jolas bat zen”). Beraz, ez naiz ni inor umetan eraso bat jasan duen inori zer egin behar duen errateko. Niri funtzionatu zidan, eta balio izan dit. Eta inori honek balioko balio, hainbat hobe.

Hau ez da Disneyko pelikula bat, halere (edo hain justu bai?). Eta zuek ere ikusiko dizkiozue gabeziak kontakizunari. Nik ere ez dakit X soilik politikoki zuzen jokatzen ari den; edota nik egin nezakeen zerbait okerragoaren beldurrez —salaketa bat? publikoa zein judiziala?— egiten didan kasu.

Izan daiteke, baina egia erran ez zait bereziki interesatzen. Ez dakit, ezta ere, eraso gehiago egin izan ote dituen eta eginen ote dituen. Nahiko nuke pentsatu ezetz, baina ez dut jakinen. Eta, egoistaki, ez dut jakin nahi; ezinen nuke jasan.

Nik ere ez dakit X soilik politikoki zuzen jokatzen ari den; edota nik egin nezakeen zerbait okerragoaren beldurrez

Bidegainen atea

Ez dakit nire prozesua eredugarria den: ahal nuena egin nuen, atera zitzaidana. Baina badira bertzelakoak ere. Frantziako Estatuan —bertze batzuetan ere bai—, erraterako, badago justizia errestauratiboko zerbitzu ofizial bat, zeinaren bidez erasoa jasan eta eragin dutenen arteko topaketak antola daitezkeen, bitartekari batekin. Maiana Bidegain dokumental egilearen bidez jakin nuen haren berri, 2020an —Berria egunkarirako elkarrizketatzeko eta haren dokumentala ikusteko aukera izan nuen—.

Zinez gomendatzen dizuedan Rencontre avec mon agresseur (Topaketa nire erasotzailearekin) dokumentalean Bidegainek azaltzen du haren umetako erasotzailearekin elkartzeko aukera izan zuela 2017an. Bere kasuan, erasotzailea ez zen ingurune hurbilekoa, eta epaiketa baten bidez zigortu zuten erasoa gertatu eta gutira. Ordea, prentsaren bidez jakin zuen urteetara bertze eraso bat egin zuela. Bidegainek ez zuen ulertzen, eta harekin elkartzeko gogoa sartu zitzaion. Balio izan zion topaketak, eta hala dio: «Biktima eta erasotzaile asko bizi izan zutenaren preso bilakatzen dira: mendekuaren preso, ez ulertzearen preso… Eta, nire ustez, justizia mota honek eskaintzen du barne kartzela horietatik ateratzeko ate bat».

Erasotzaileei azken ohar bat

Ez da beharbada hagitz probablea halako erasoren bat egin duen gizonezko bat hau irakurtzen aritzea, baina agian badago bakarren bat, eta, beraz, aprobetxatu eginen dut aukera. Gomendio sorta bat da hau, zer egin behar zenukeen pentsatzen ari bazara:

Egin duzuna larria da, eta seguru aski ondorioak izan ditu edo izanen ditu jasan duenarengan

1) Egindakoari iskin egitea ez da aukera bat. Ez jarri esperantzak eraso egin zenion horrek izan dezakeen amnesia posiblean. Beharbada orain ez da oroituko, baina etor dakizkioke beranduago oroitzapenak. Zuri deus ez adierazteak ez du erran nahi gaiari garrantziarik ematen ez dionik.

2) Egin duzuna larria da, eta seguru aski ondorioak izan ditu edo izanen ditu jasan duenarengan. Hartu horren kontzientzia. Barkamenak ezin ditu egindakoa, haren ondorioak eta zure burua zuritu.

3) Ez dakit egindakoaren errua zurea den, baina bai egin zenuenaren ardura. Joka ezazu eraso egin zenion horren beharren arabera: zerbait eskatzen badizu, egin ezazu —deus ez egiteko eskatzea ere eskaera bat da—, eta errespetatu aldi oro bere erranak. Eta, kasu: erasoak gizarte egitura baten barnean gertatzen diren heinean, kolektiboa ere bada erantzukizuna. Ez gaitezen izan bertze eraso batzuen edota horiek ahalbidetzen dituen isiltasunaren konplize.

*Egilearen oharra: Esker bereziak Teresa Villaverderi eta Pikarako lantaldeari hau kontatzera animatzeagatik. Baietz erratera animatu nauzuen eta testua berrirakurri duzuen lagunei, berriz, maitasun infinitua.