argia.eus
INPRIMATU
Eraso sexisten kontrako elkarretaratzeak Gasteiz eta Basaurin
  • Batean zein bestean, ostiral arratsalde honetan salatuko dituzten erasoak pasa den asteartean eman ziren. Hala ere, ez dira azken egunotan egindako eraso matxista bakarrak.

ARGIA @argia 2018ko abuztuaren 24a
Jaietan emandako eraso sexisten kontrako mobilizazioa, Bilbon (Argazkia: Bilboko Konpartsak)

Ugariak eta larriak izan dira azken egunotan jaso diren eraso matxistak. Asteburua amaitzear zela, igandean, Bilboko Aste Nagusian emandako bi eraso sexisten berri eman zuten Bilboko Konpartsek, jaiak hasi eta egun batera. Biharamunerako, beste eraso berri bat jaso zela jakinarazi behar izan zuten, eta gehiago ere eman zirela salatu. Baina jai giroan den Bizkaiko hiriburutik harago ere, astean zehar hamaika eraso sexisten berri eman da han eta hemen. Erasoen zerrenda luzeko bi gertakari salatzeko elkarretaratzeak daude deituta ostiralean, bata Gasteizen eta bestea Basaurin.

36 urteko gizon batek bere bikotekideari egindako erasoa salatuko dute Basaurin, herriko mugimendu feministak deituta (19:00etan Begoñako Andra Mari kalean). Etxean egin zion erasoa, eta mehatxuak ere jaurti zizkion. Gizona atxilotu egin zuen Basauriko udaltzaingoak, eta epailearen esku utzi. Jakin denez, atxilotuak emakumeen kontrako indarkeriarekin loturiko aurrekariak ditu, eta bere bikotekide ohiarengandik aldentzeko agindua ezarria dauka.

Bestalde, astearte goizaldean 31 urteko gizon batek emakume transexual bat bortxatu izana gaitzetsiko dute Gasteizen. Gasteizko Mugimendu Feministak eta Lumagorri elkarteak deitu dute elkarretaratzea, 19:30ean Andra Mari Zuriaren plazan. Erasoa Zaramagan gertatu zen, eta Sidalava batzordeak salatu duenez, gizonak lehendik ere behin baino gehiagotan bortxatu zuen emakumea.

Ertzaintzak gizona atxilotu eta epailearen esku utzi zuen, baina epaileak pasaportea kendu eta urruntze agindua ezarri ostean, erasotzailea epaiketa berri baten zain dago, libre.

Eraso gehiago azken egunetan

Gaur salatuko diren bi eraso horiez gain, gehiago aipatu beharrean gaude. Gasteizen bertan, igande goizaldean, 28 eta 39 urteko bi gizon atxilotu zituen Gasteizko udaltzaingoak. Atxiloketetako bat Lakuabizkarra auzoan eman zen, eta bestea Sansomendin. Kasu bietan, gizonezkoek bikotekidea eraso zuten, etxean. Epailearen esku utzi zituzten.

Ostegunean, bi adin txikikori sexu abusuak egiten ahalegindu izana leporatu diote 48 urteko gizon bati, Lakuako Segurtasun Sailak adierazi duenez. Leioako merkatalgune bateko aparkalekuan, gizona autoan zela adin txikikoengana hurbildu eta ibilgailura igotzeko gonbita luzatu zien. Adin txikiko horietako baten ama gertu zen eta hurbildu zenean, gizonak ihes egin zuen.

Emakumeak Ertzaintzara jo eta salaketa jarri zuen. Ikerketa martxan jarri ostean, abusuak leporatu dizkiote gizonari.

Ostiralean, 33 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak Mungian. Erasotzaileak bikotekidea jo, labanaz mehatxatu eta kaletik arrastaka eraman du. Emakumea ospitaleratu behar izan dute, eta gizona datozen orduetan pasako da epailearen aurretik.

Horrez guztiaz gain, 2017an egindako sexu eraso batengatik 41 urteko gizon bat atxilotu du Guardia Zibilak Arraia-Maeztun. Erasotzaileak Errioxako herri batean hitzordua jarri zuen emakumearekin, laneko elkarrizketa baten bueltan. Guardia Zibilak burututako ikerketan jasotzen denez, gizona emakumeari muxu ematen saiatu zen, eta honek ezetz erantzutean emakumea jipoitzeari ekin zion. Konorterik gabe utzi zuenean, bortxatu eta ondoren ihesari eman zion.