argia.eus
INPRIMATU
Eraso matxisten kudeaketarako protokoloak egiteko gida atera du Emaginek
  • Elkarte eta antolakundeen barruan salatzen diren jarrera eta eraso sexistak gero eta gehiago direla salatu du elkarteak.

Maddi Viana Zubimendi @maddi76_ 2022ko ekainaren 07a

Eraso matxistak kuderatzerakoan sortzen diren zalantzak argitzeko asmoz sortu du Emagin elkarteak protokoloak egiteko gida. Mugimendu zein kolektiboetan ematen diren egoera hauek kudeatzeko ardura ezin dela inguruko feministengan delegatu eta erantzukizuna kolektiboa izan behar dela ziurtatu dute. Gida webgunean PDF moduan jarri dute eskuragarri.

Egungo justizia ereduak askotan erasoa jasan duenaren berbiktimizazioa ekartzen duela salatu dute. Elkarteak gaineratu du erasoak aipatzerakoan ez direla soilik bortxaketa bezalako kasu larriez mintzo. Ikusgarrienak diren erasoen azpian gertatzen diren bestelako jokaerak ere mahaigaineratu eta kudeatu behar direla azpimarratu du.

Ardatzak

Hiru ardatzetan lan egiten du protokolo gidak: komunitatea, eraso egiten duena eta erasoa jasan duena. Eraso bat ez dela soilik bi pertsonen artean gertatzen den zerbait ziurtatzen du gidak. Elkarte edo kolektiboko kide guztiak botere harremanaren konplize diren heinean, gertatzen diren erasoarekiko ardura guztiena da.

2003tik

Kapitalismoa, inperialismoa eta heteropatriarkatua errotik aldatzeko premiatik sortu zuten Emagin elkartea. Ordutik Euskal Herria feminismotik eraikitzen jarraitu dute. Haientzako garrantzi handikoa izan da beti sistemaren mugak agerian uztea, horren iraunaraztearen oinarrizko estrategiak agerian uztea eta bide batez, aurre egiteko eragile feminista indartsua sortzea. Hala diote haien webguneko aurkezpenean.