Bi kasuetan, erasotzailea emakumearen bikotekidea izan da. Ez da azken egunotan ezagutzera eman den eraso matxista bakarra, igandean gizon batek sulfatatzeko likidoa bota zion aurpegira bikotekide ohiari Errigoitin.
Asteartean gertatu ziren bi erasoak. Lehena goizaldean jazo zen, Leioan. Hirukak jakinarazi duenez, gizonezko batek bere bikotekideari eraso egin zion. Asteazken arratsaldean, erasoa gaitzesteko elkarretaratzea deitu du Leioako Udalak, 18:30ean Bulebarrean.
Egun berean, arratsaldeko 15.40 inguruan, Eibarren emakume bati eraso egin zion 17 urteko gizonezko batek. Segurtasun sailaren arabera, erasotzailea biktimaren "bikotekidea edo bikotekide ohia" da. Sotoatarren kalean egin zion eraso, eta berau bideoan grabatu zuen lekuko batek. Emakumearen laupabost urteko semea aurrean zela, emakumea buruan kolpatzen hasi zen erasotzailea, gero lurrera bota zuen eta azkenik labanaz zauritu zuen. Erasotua ospitalera eraman behar izan zuten.
Asteazkenean, gizonak bere burua aurkeztu du Ertzaintzaren komisaldegian. Atxilotu egin dute indarkeria matxista delitua eta lesioak eragitea leporatuta.