Irutxuloko Hitzak jakin duenez, erasotzailea Loiolako kuarteleko militarra da.
Ostegun goizean gertatu zen erasoa, Altzako etxebizitza batean. 34 urteko gizonak labanaz eraso zion bikotekideari, baina emakumeak etxetik ihes egin eta laguntza eskatzea lortu zuen. Ertzaintzari emakume bat erasotua izan zela jakinarazi zitzaion, eta polizia-agenteak bertaratutakoan zauritutako emakumeak bere bikotekideak eraso zuela berretsi zuen. Erasotua anbulantzian eraman zuten ospitalera.
Etxebizitzan bertan atzeman zuen erasotzailea Ertzaintzak, eta gertatutakoaren ikerketa abian da. Atxilotuak ostiral goizean deklaratu du, eta orain epaileari dagokio berau behin-behinean espetxeratu ala aske uztea erabakitzea.