Ulrike Lunacek eurodiputatu austriarrari azidoa botaz eraso diote Vienako Lesbiana Gay Bisexual eta Transexualen Harrotasun Egunaren karietara antolatu zen martxan.
Austriako berri ingelesez ematen duen The Local webgunean irakur daitekeenez, joan den larunbatean jasan zuen erasoa Lunacekek eta ez dio zauririk eragin, nahiz eta bera elkarrizketatzen ari ziren kazetarien tresneria hondatu ziren azidoaren eraginez.
Azido butirikoa jaurti zioten eurodiputatuari, bonba kirasdunak egiteko erabili ohi dena. Beste azido batzuk bezain arriskutsua ez izan arren, azalean eta begietan lesioak eragin ditzakeen gaia da.
Austriako poliziak ez du erasotzailea atxilotu oraindik.
“Harrotasunaren martxak ez zuen inoiz erasorik jasan”, adierazi zuen Lunacekek berak gertakarien ondoren. “Honelako erasoek erakusten dute tolerantziaren eta onarpenaren aldeko borroka ez dela amaitu Austrian”.
Alderdi Berdeko ordezkaria da Lunacek Europako Legebiltzarrean eta azken urteetan erakunde horretako LGBT taldeko presidenteetako bat izan da. Horri esker, gay, lesbiana, bisexual eta transexualen eskubideen alde egin duen lanarengatik nabarmendu da. Bera da, besteak beste, otsailean onartutaok homofobiaren kontrako bide-orriaren sustatzaile nagusietako bat.