argia.eus
INPRIMATU
Erandioko etxez etxeko laguntzaileei egun libreak kendu dizkietela salatu du LABek
  • Erandioko Gobernu Taldeak langileen lan egutegia aldatu du, eta Gabonetako zein Aste Santuko egun libreak kendu dizkie Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko beharginei. Hori salatzeko, Udaleko LABen delegatuek Osoko Bilkuran aurkeztu dituzte laguntzaileen aldarriak.

Iraitz Madariaga Etxebarria 2021eko irailaren 30a
Argazkia: LAB

Langileek asteazkenero egiten dute elkarretaratzea udaletxearen aurrean, eta egun libreak emateko eskaera luzatzen diete gobernu taldeko kideei. Oraingoan, bilkuran bertan egin dituzte eskaerak: LABek adierazi duenez, laguntza zerbitzu horretan zein gainerako gizarte zerbitzuetan baliabide gehiago inbertitu behar ditu Udalak, "lan-baldintza hobeak ziurtatzeko".

Erandion, ordea, kontrakoa egiten dela salatu dute. Finantzazioa handitu beharrean, egun libreak kenduz dirua irabazten dutela esan du sindikatuak, eta aurreztutakoa ordezkapenak egiten dituzten lan-poltsako langileen gastura bideratzen dutela. Horrek "lan-baldintzak okertzen ditu, lan-poltsatik egiten diren kontratazioak murrizten ditu eta etxeetan ematen diren zerbitzuei minutuak kentzen dizkie".