Iturola elkarlan “sorguneak” Beterri-Buruntzako komunitatearen ongizatea helburu duten proiektuak biltzen ditu. Ostegun goizean inauguratu dute ofizialki Hernanin.
Denbora luzez ernetzen aritu ondoren, Beterri-Buruntza eskualdeko udalek sustaturiko “Inteligentzia kolektiborako” Iturola laborategi aitzindariak ofizialki ateak ireki ditu Hernanin duen egoitzan eta “ekintzaile izan nahi duten eskualdeko pertsonei zabalik” dago, ekimenaren arduradunek azaldu dutenez.
Ekintzailetasun eredu desberdin da honakoa, eta hor datza Iturolaren berezitasuna: gobernantza demokratikoan, enplegu duinean eta komunitatearen ongizatea helburu duten baloreetan oinarritua dago. Jadanik hamar enpresa eta proiektu ari dira lanean: ingeniaritza zerbitzuak eskaintzen dituenetik hasi eta multimedia produkzioak, harremanak, publizitatea eta aholkularitza lanak egiten dituztenetaraino.
Elkarlanerako espazio eta baliabideak partekatzen dituzte enpresok, baina egoitza bat konpartitzeaz harago, denbora banku baten bidez erakutsi dute komunitatearekiko konpromisoa. Bilerak egiten dituzte proiektuen norabideez iritziak elkar trukatzeko; hainbat gai lantzeko ere batzordeak antolatu dituzte eta sorkuntza kolektiboa sustatzeko mekanismoak eratu dituzte, ikuspuntu desberdinekin proiektuak aberastu aldera.
Inaugurazio jaia
Ostegun goizean inaugurazio ekitaldi ofiziala egin du Iturolak, arratsaldean berriz jaia izango da La Jodedera musika taldearekin. Horrez gain, haurrentzako jolasak eta photocalla ere izango da.