Espainiako Gobernua osatzen duten PSOEren eta Sumar alderdien arteko koalizioak aurkeztutako lege proposamena onartu dute Kongresuan ostegun goizean, frankismoaren apologia egiten duen edozein erakunde debekatuko edo legez kanpo utziko lukeena
Gobernua osatzen duten alderdien lege proposamenak soilik VOX, UPN eta PPren ezezkoa izan du: hain zuzen, azken honek, Senatuan duen gehiengoa baliatuta –266 eserlekutatik 145 ditu– lege proposamen horren ordez Zigor Kodean zenbait aldaketa egitea proposatu zuen. Tartean, "ETAren gertuko erakundeak" debekatzea.
PSOEk eta Sumarrek, ordea, baztertu egin dituzte PPk eginiko aldaketak, eta Kongresuaren gehiengoak lege proposamena bere jatorrizko bertsioan onartu du. Lege proposamen honek 2022ko urrian onarturiko Memoria Demokratikoaren Legean eragina izango du, eta erakunde bat debekatzeko edo legez kanpo uzteko arrazoien artean "frankismoaren apologia" egitea gehituko du.
Francisco Franco fundazioa, salbu
Kongresuak onartutako lege proposamenak, ordea, elkarteak soilik hartzen ditu barne. Franciso Franco fundazioa, haren izenak dioen bezala fundazioa denez, salbu geldituko litzateke. Fundazio hori legez kanpo uzteko prozesua Ernest Urtasun buru duen Espainiako Kultura ministerioari dagokio, hori egiteko tramiteak zehazki duela urtebete abiatu zituena.