argia.eus
INPRIMATU
Eragozpen fiskala bultzatzeko kanpaina abiatu dute, herritarren dirua ez dadin gastu militarrera bideratu
  • Gerra hots eta karrera armamentistiko betean, eragozpen fiskalera animatu ditu herritarrak KEM-MOC talde antimilitaristak, errenta aitorpena egiterakoan gure dirua ez dadin erabili gastu militarra handitzeko. Herritarrei laguntzeko bulegoak ireki dituzte EAEko hiriburuetan eta mahai informatiboa jarri berri dute Bilbon.

ARGIA @argia 2024ko apirilaren 10a
\"Askotan egiaztatu dugu gerra prestatzeak, ezinbestean, gerrara garamatzala\". Argazkia: KEM-MOC

“Eragozpen fiskala proposatzen dugu, gerraren eromenari eta haren prestakuntzei desobedientziaz erantzuteko”, dio taldeak. Azken finean, gero eta handiagoa den gastu militarra are gehiago puztu behar dela behin eta berriz dioten ahotsak ezagunak zaizkigu, gerra berriak iragartzen baitituzte: “Estatuen aldetik militarizazio eta berrarmatze garaia da”.

Taldeak dioen moduan, gastua armetan egiteak, batetik, esan nahi du beste sail batzuetatik kenduko dutela dirua (hala nola osasuna, hezkuntza, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak...) eta bestetik, gatazka berriak areagotzeko aukerak elikatuko direla: “Askotan egiaztatu dugu gerra prestatzeak, ezinbestean, gerrara garamatzala”.

Gastua armetan egiteak esan nahi du beste sail batzuetatik kenduko dutela dirua (hala nola osasuna, hezkuntza, etxebizitza, gizarte-zerbitzuak...)

Eragozpen fiskalaren bidez, zergaren zati bat ordaintzeari utzi eta diru hori bestelako ekimen herritarretara bideratzea da asmoa, “alternatiba eraldatzaileak eta solidarioak” eraikitzeko.

Nola egin eragozpen fiskala?

Apirila, maiatza eta ekaina bitartean, Eragozpen Fiskaleko plataformak laguntza-zerbitzu bat eskainiko du, Eragozpen Fiskala aplikatuz errenta-aitorpena egiteko. Bulego bana ireki dute Donostia, Bilbo eta Gasteizen, eta mahai informatibo bat ere jarri berri dute martxan, 18:30etik 19:30era, Bilboko Zamudioko Atean.