argia.eus
INPRIMATU
Eraginkorrak ez diren maskarekin aritu dira Osakidetzako hainbat langile
  • Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan erabili den maskara mota bat eraginkorra ez dela jakin da. Eusko Jaurlaritzaren arabera, banatutako eraginkortasunik gabeko maskarak 13.000 inguru dira, eta erretiratu egin dituzte.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 20a

Espainiako Laneko Segurtasun, Osasun eta Ongizatearen Institutu Nazionalak jakinarazi zuen, apirilaren 13an, Garry Galaxy markako Respirator Mask N95 maskarek ez zutela Europako araudia betetzen. Jakin denez, maskara horiek ez dute iragazteko gaitasunik. Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan, maskara horiekin aritu dira lanean hainbat langile. Eusko Jaurlaritzak adierazi duenez, 13.000 inguru Respirator Mask N95 maskara banatu ziren Osakidetzako langileen artean.

Maskaren iragazteko gaitasun ezaren berri izan ostean, horiek ospitaleetatik erretiratu egin dituztela adierazi du Nekane Murga Osasun sailburuak.

Hainbat sindikatuk salatu dute jazoera. Azpimarratu dute koronabirusaren agerpen momentutik babesgabetasun baldintzetan aritu direla lanean osasun arloko langileak. “Norbera Babesteko Ekipo gisa zabor poltsak izatetik, babesten ez duten maskarak erabiltzera pasa gara”, seinalatu du ESK sindikatuak. Hori gutxi ez, eta babeserako materiala langileen kategoriaren arabera banatu dela gaineratu du: “Babes-ekipoak amaitu ahala, protokoloak egokitu egin dira, lanbide-kategoriaren arabera bereizketa eginez eta zeladoreak segurtasun gutxiagoko ekipoekin utziz”.

Kutsatze arrisku handia

SATSE erizainen sindikatuko bozeramaile Amaia Mayorrek Euskadi Irratian ziurtatu zuenez, Araba eta Bizkaiko ospitaleetan erabili dituzte Respirator Mask N95 maskarak. Mayorren arabera, zainketa berezien unitateetako langileek ere maskara horiek erabili dituzte, kutsatze arriskua oso handia izanik unitate horietan.

Nekane Murgaren hitzetan, “maskarilla horiek erabili dituzten osasun langileak identifikatzeko, jarraitzeko eta arriskuak gutxitzeko neurriak hartzeko lanean” ari dira.

ESK sindikatuaren iritziz, maskara horiekin aritu diren norbanakoei PCR froga egin beharko litzaieke.