Dozenaka eragilek eta berdintasun teknikarik aldarrikapen bateratua egin diete Emakunderi, INAIri eta Hego Euskal Herriko aldundi eta udalei, euren lana ekintzez babestu dezaten. Oraindik publiko egin ez diren diru-laguntza deialdiak “murrizketekin datozela” salatu dute, eta horrelako “arduragabekeriarik” onartuko ez dutela adierazi dute.
Mugimendu feminista “autogestioaren tradiziotik” datorrela ohartarazten dute sinatzaileek, askotan auto-finantzaketa duela oinarri, baina badirela ere baliabide publikoak bilatu dituzten eragile asko. Feminismoa jendarte eraldaketarako ezinbestekoa dela defendatu dute, eta horren barnean erakundeen ardura dela “Berdintasun Sailen bitartez, eragile feministen jarduna aitortzea, baliabideez hornitzea zein diruz babestea, eragileek hala nahi izanez gero”.
Arabako Emakumeen Asanblada, B.A.L.A., Emagin, Emakumeok Gerraren Aurka, Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxa, Euskal Herriko Bilgune Feminista, Euskal Herriko Neska Gazteen Sarea, Forum Feminista María de Maeztu, Plazandreok, Trabajadoras No Domesticadas taldeek sinatu dute agiria, besteak beste.
Erakundeen garbiketa morea
“Azken urteetan” erakunde eta alderdiek berdintasunaren aldeko hitzak izanagatik, hitz horiek “gehienetan” ez direla politika publiko zehatzetan gorpuztu salatu dute eragile feministek. Zenbait erakundeetan egindako lan handia aitortuta ere, “norbanakoen borondatean” oinarritutakoak izan direla iritzi diote: “Ez aurrekontuak, ezta politika publikoak ez dira feminismoan ardaztu”.
Feminismoaren prekarietatea
Eragile feministek COVID-19aren aurretik ere prekarietate handia bizi zutela nabarmendu dute sinatzaileek, eta gaitzak horretan sakontzea ekarri duela: “Formatzaileak, hizlariak, idazleak, sortzaileak, ikerlariak, maketatzaileak, liberatuak, koordinatzaileak, itzultzaileak, kazetariak eta abar. Sektore zabala gara eta azken hilabeteetan egoera guztiz ziurgabea bizi dugu, baliabide zein aurrera egiteko inongo bermerik gabe”.
Murrizketarik ez
“2020ko diru-laguntza deialdiak ez dira atera eta jakin dugu murrizketekin datozela", jakinarazi dute eragile feministek. Ohartarazi dute krisi garaietan murrizketak pairatzen dituzten lehen eremuak sozialak eta berdintasun politikenak direla, "erne" daudela, eta ez dutela onartuko horren moduko "arduragabekeriarik". Bide horretan, "murrizketak etetea eta baliabideak eskuragarri jartzea" exijitu diete Emakunderi, INAIri, eta Hego Euskal Herriko aldundi eta udalei, eragile feministek beren lana eraginkortasunez egiten jarrai dezaten.