argia.eus
INPRIMATU
Erabat eten da AHTren trafiko guztia Katalunian zuntz optikoaren sarea moztu ostean
  • Komunikazio sistema bertan behera gelditu da, eta horrek Kataluniako sareko trafiko guztia moztu du lau orduz. 7.000 bidaiariri eta 30 treni eragin die.

Asier Arrate Iruskieta @AsierArrate 2015eko urriaren 08a
Mozketa Vilafranca del Penedes eta Gelida artean gertatu da, bi mozketa aurkitu dituzte katenarian.

Mozketa Vilafranca del Penedes eta Gelida artean gertatu da. Bi mozketa aurkitu dituzte katenarian. Adifeko teknikariek uste dute kablea lapurtzeko saiakera izan dela. Mossoek ikerketa abiatu dute; ez dira ziur sabotajea izan den, edo lapurrek kobrea ostutzeko intentzioarekin zuntz optikoaren kablea moztu duten.

Zuntz optikoak AHTren sareko komunikazioa, trenen gestioa eta segurtasun sistema osoa elikatzen du. Kasu honetan, trenen gestioa ahalbidetzen duen sistemari eragin dio. Hau gabe, trenak itsua-itsuan dabiltza. AHTko zuntz optikoaren hodiak babestuta badaude ere, ez da kableak lapurtzen saiatu diren lehen aldia izan.

Adifeko arduradunek adierazi dute ez duela segurtasunean eragin. Hala ere, trafiko guztia eten da. Momentuz linea batzuk berrezarri dira, eta 14:00ak aldera trenbide sare osoa martxan izatea espero du Adifek. Edonola ere, berrezarritako lineetan trenak abiadura motelagoan joango dira. Bitartean, Renfek zerbitzu bereziak jarri ditu autobusen eta ohiko trenen bidez.