argia.eus
INPRIMATU
Erabakitzeko eskubidea indarturik irten da Katalunian
  • Ezustekoa eman du Podemosek Katalunian. Irailaren 27ko hauteskundeetan kolpe gogorra jaso ostean, orokorretan lehen indarra bilakatu da, 12 diputatu lortuta.

Eñaut Agirrebengoa Apaolaza @eagirrebeng 2015eko abenduaren 21
CUP: “Ezkerreko talde independentista eta autodeterministen emaitzak ikusirik, Junts Pel Sí-ri eskatzen diogu Mas ez den norbait aurkez dezan Kataluniako presidentetzarako” (Arg: La Vanguardia)

Gaueko galtzaileetako bat Convergència barnebiltzen zuen Democràcia i Libertat koalizioa izan da, 8 eserleku lortu baititu, 2011n CiUk lorturiko 16etatik urruti. ERCk, bere aldetik, bederatzi diputatu eskuratu ditu.

Hortaz, independentistek guztira 17 eserleku batzen dituzte. Hauei En Comú Podem-en 12ak gehituz gero, garbi gelditzen da erabakitzeko eskubidearen aldeko aldarria indarturik atera dela igandeko bozetatik. Zailagoa da, aitzitik, independentismoak duen indarra neurtzea.

Bestalde, unionismoak porrot handia jasan du: PSC 14 diputatu izatetik 8 izatera igaro da, PP 11tik 5era, eta itxaropen handiak zituen Ciudadanosek 5 baino ez ditu lortu.

CUP: “Emaitzek erakusten dute hautesle independentistek ezkerrera egin dutela”

CUPek adierazpen bat argitaratu du bozen karietara. Bertan dioenez, emaitzek erakutsi dute independentismoak ezkerrerantz jo duela, “ERCk eserleku kopurua hirukoiztu duen bitartean, Democracia y Libertat 16tik 8ra erori baita”.

“Ezkerreko talde independentista eta autodeterministen emaitzak ikusirik, Junts Pel Sí-ri eskatzen diogu Mas ez den norbait aurkez dezan Kataluniako presidentetzarako”, gaineratu du.

Horren harira, esan du kontsentsuzko presidente bat proposatuz gero militantziaren “onarpen zabala” lortzeko aukera gehiago izango dituela CUP abenduaren 27an egitekoa den asanbladan .