Foru Hobekuntza erreformatzeko prozesua zabaltzea onartu du Nafarroako Legebiltzarrak

  • Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren aldeko botoekin, Nafarroako Legebiltzarrak onartu du prozesu partehartzailea irekitzea Nafarroako Foru Hobekuntza erreformatu eta Nafarroaren estatus politikoa definitzeko.


2015eko azaroaren 27an - 11:27
EH Bilduk proposatuta eta aldaketaren gobernuaren beste indarrek sostengatuta iritsi da gaia Legebiltzarrera.

Ostiralean erabaki eskubideaz jarduteko egindako osoko bilkura monografikoan onartu da proposamena, UPN, PP eta PSNren aurkako botoekin. Partehartzeari buruzko lege bat egitea ere hobetsi da, non, besteak beste, herritarren kontsultarako tresnak, aurrekontu partehartzaileak eta politikariak arbuiatzeko formulak bilduko diren.

Hainbat proposamen onartu dira eta beste hainbat atzera bota. Horien artean, Nafarroa eta EAEren arteko bategite instituzionala arautzen duen Konstituzioaren Laugarren Xedapen gehigarria. UPN, PSN eta PPNk Konstituzioa erreformatuz gero xedapena ezabatzea proposatu dute, baina Legebiltzarrak ez du onartu.

Eztabaidan zehar Katalunia behin baino gehiago atera da oposizioko bozeramaileen ahotan eta azkenean onartutako ebazpen batek hari egiten dio erreferentzia: “Espainiako Gobernuarekiko konfrontazioa ez da biderik egokiena autogobernuan sakontzeko eta Katalunian hasitakoaren gisako bideak saihestu behar dira”.

Ekimena EH Bilduk eraman du Legebiltzarrera

EH Bilduk egin zuen proposamena eta Nafarroako Gobernua sostengatzen duten alderdiek bat egin dute gaia Legebiltzarrera ekartzearekin.EH Bilduren aburuz, PP gero eta politika zentralistagoak bideratzen ari da eta hauei erantzun egin behar zaie, Nafarroako gizarteak elor ekonomikoan, politikoan eta sozialean erabaki dezan. UPN, PSN eta PPren ustez, autodeterminazioa parlamentura ekartzea da hori eta nafar gizartean ez dago gai horri buruz hitz egiteko inongo beharrik.

Ruiz (EH Bildu): "Independentista ez, eskubide demokratikoa da"

EH Bilduko parlamentari Bakartxo Ruizek ireki du osoko bilkura eta XXI. mendeko Nafarroan garai berria ireki beharraz mintzatu da: “Eredu demokratiko berria behar da, non erabaki eskubidea ardatza izango den eta gizartea protagonista”. Ruizek gizarteak edozeren gainean erabakitzeko duen eskubidea aipatu du: Bardeetako Poligonoaz, Nafarroaren estatus juridikoaz, Estatuarekiko harremanez edo egoki ikusten duenaz. Funtsean, zehaztu du, “Foru Erregimenari eta foruei erabaki eskubide deitzen zaie XXI. mendean. Ez da aldarrikapen independentista, erabakitzeko eskubidea aldarrikapen demokratikoa da”.

Esparza (UPN): "Nafarroa Katalunia bihurtu nahi dute"

UPNko bozemaile Javier Esparzak autodeterminazioa Legebiltzarrera eramatea salatu du, azken finean erabaki eskubideak hori esan nahi baitu bere ustez. "Proposamen ikuspegi politiko nabarmen ezkutatzen du. Zuei bost axola lurralde honetako jendea kezkatzen duena, langabezia, zergen igoera edo Barkosen gobernuaren gezurren dinamika". Egungo gobernuak Nafarroa Katalunia bihurtzeko plana duela segurtatu du, ondoren independentzia eskatu eta “Nafarroa Euskal Herriko aletegi bihurtzeko”.

Martinez (Geroa Bai):"Bat gatoz, baina ez da lehentasuna"

Geroa Baiko Koldo Martinezen txandan, honek argi utzi du Nafarroak erabakitzeko eskubidea duela, beren beharrei aurre egiteko behar dituzten lanabesak eskuratzeko eskubide dutela nafarrek, baina “horrek ez du esan nahi independentzia edo apurketaren alde gauderik. Erabaki dezala gizarteak”. Garbi utzi du, halaber, erabakitzeko eskubidea ez dela lehentasuna Geroa Bairentzat eta bere taldeak herritarren ongizatea, justizia soziala edo zerbitzu publikoen kalitatea lehenesten dituela”. Helburu horiek betetzeko, hala ere, autogobernua ezinbesteko tresna dela azpimarratu du.

Perez (Ahal Dugu): “Identitate fronteekin amaitu behar da”

Laura Perezek defendatu du Ahal Duguren posizioa eta tinko adierazi du oinarrizkoa eta pertsonari berez dagokion eskubidea dela erabakitzeko eskubidea. Nafarroako herri guztiei dagokiela azpimarratu du. Hori bai, argi utzi du Nafarroan indarrean era argian jarri ahal izateko identitate fronteekin amaitu behar dela.

Perezen esanetan, ez zaio beldurrik izan behar demokraziari eta prozesu konstituziogileak aldarrikatu ditu demokrazian sakontzeko, baita lurraldetasunaren eremuan ere: “Hil ez dadin, egungo eredua gaurkotu behar da, berdintasuna, justizia eta lurraldeen arteko elkartasuna oinarri, autonomian aurrera egiteko”. Garbi utzi ohiko hauteskundeak bainu urrunago joan behar dela eta Ahal Duguren ustez, herritarrek erabaki dezaten, lau urtez behin botoa ematetik haragoko mekanismoak bilatu behar direla.

Chivite (PSN): “Kontzeptu-tranpa da”

UPNko bozeramailearen ildotik jo du Mari Chivite PSNko bozeramaileak eta erabaki eskubidea “kontzeptu-tranpa” gisa jo du, “ez da inon jasotzen eta autodeterminazio ordezkatzen du”. Bere atzean sezesioa, independentzia eta Euskal Herriarekin bat egitea ezkutatzen da. Elkarrizketa eta eztabaidaren aldekoa dela eta horregatik dagoela Legebiltzarrean, baina batez ere “herritarrei erakusteko hainbatek ezkutatu nahi dutena”. Independentzia gaur egun kontu sentimentala eta emozionala da bere esanetan eta “sistema, lehertu baino, hobetu egin behar da”.

Beltran (PP): "Autodeterminazioaren ordezko da"

PPko eledun Ana Beltranek ere Chivite eta Esparzaren ildorik jo du eta erabakitzeko eskubidea autodeterminazioaren ordezko gisa jo du. Nafarroa dagoen bezala ongi dagoela defendatu du, “bera baita Espainia osoan eskumen maila handiena duen erkidegoa”. Segidan, gogor jo du EH Bilduren aurka eta zera leporatu dio: “40 urte urtez independentzia hilketen bidez saiatu ondoren, orain, Konstituzioa saihestu eta Nafarroak Euskadirekin bat egin dezan nahi dute”. Autogobernua bai, baina gaur egun Espainian dagoena aski dela esanez amaitu du PPko buruzagiak.

Nuin (Ezkerra): Espainia federala, laikoa, erabaki eskubidea jasoko duena

Jose Miguel Nuin Izquierda-Ezkerrako bozeramaileak adierazi duenez, Nafarroako herriak erabakitzeko eskubidea du, baina gai hau ez da gaur egun Nafarroako gizarteak duen arazorik nagusiena, batez ere lurralde arazo gisa ikusten bada. “Gabezia asko ditu nafar gizarteak eta hauek –zehaztu du– prozesu konstituziogile baten bidez bideratu behar dira”.

Erabakitzeko eskubidea alor sozioekonomikoan bai, independentzia aldarrikatzeko ez. Kataluniakoa bezalako biderik ez dutela nahi argi utzi du, haiek federalistak direlako eta ez independentistak. Estatua egituratzeari begira honakoa de beren proposamena: “Sistema federala, laikoa, erabaki eskubidea jasoko duena eta konstituzioaren erreformarekin gauzatu beharko dena”.

“Nafarroa anitza da identitateen ikuspegitik, eta Nafarroako instituzioek ez dute inor Espainiazale edo abertzale egin behar”, amaitu du Nuinek.

 


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Nafarroako politika
Trafiko eskuduntza bermatzeko Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek

Foru Hobekuntzaren erreforma adostu dute Nafarroako eta Espainiako gobernuek, Trafikoa foru exekutiboaren eskuduntza historiko eta esklusiboa dela blindatzeko.


Estatuaren edo eskuin muturreko taldeen lehen hamabi biktima onartu ditu Nafarroako Gobernuak

Eskuin muturreko taldeek eta funtzionario publikoek eragindako motibazio politikoko ekintzen biktimen lehen hamabi aitorpenak egin ditu Nafarroako Gobernuak. Beste hirurogei espediente aztertzen ari da.


Forestaliaren lau goi-tentsioko lineari helegitea jarri die Nafarroako Gobernuak

Asteazkeneko gobernu bileran hartu zen erabakia eta horren ondorioz, Espainiako Gobernuko Trantsizio Ekologikorako Ministerioak Forestalia konpainiari emandako baimenen aurkako helegitea jarriko du foru gobernuak.


Iruñeko Erorien Monumentua: eraitsi ala eraldatu?

Iruñeko Erorien Monumentuarekin zer egingo da? Hori da legealdi honetako gai izarretakoa Hiri Buruzagian azken asteetan. Asteazken honetan, Joseba Asiron alkateak kazetarien aurrean jakinarazi duenez, legealdi honetan emango zaio irtenbidea gaiari eta herritarrek... [+]


Eguneraketa berriak daude