Apirilaren 21ean estreinatuko du Jon Maiak Gazta zati bat dokumentala, Donostiako Victoria Eugenia antzokian, Giza Eskubideen X. Zinemaldiaren barruan. Autodeterminazio eskubidearen alde lanean diharduen Goierriko (Gipuzkoako) Nazioen Mundua herri mugimenduaren eskariz egin du filma Maiak.
Dokumentalaren sinopsia
Munduan bere gaztagatik ezaguna den Euskal Herriko herri txiki batean abiatzen da historia hau. Herritar xume batzuk, Europako indarkeriazko azken gatazka politikoaren zauri eta banaketa guztien gainetik misio handi bati ekingo diote: munduan zer izan erabaki ahal izatea. Abentura horrek Europan albiste nagusi bihurtuko diren bi herrien gertakizun historikoen lekuko zuzenak izatera eramango ditu: Eskozia eta Euskal Herria. Letra txikiz idatzitako historia handi bat. Etorkizunari begira jartzen gaituen aro berriko dokumental bat.