Erabaki zuzenen errepublika

  • Jon Maia (500,5 puntu) eta Arkaitz Oiartzabal "Xamoa" (481) sailkatu dira finalerako, Eibarko kanporaketako lehen biak. Horiez gain, beste sei lagun arituko dira Ilunben: Alaia Martin, Unai Agirre, Beñat Gaztelumendi, Agin Laburu, Iñaki Apalategi eta Oihana Iguaran.


2015eko abenduaren 07an - 14:54

“Lo pixka bat eginda azaltzeko eskatu ninan, Ines”. Baina ezta hori ere, aizue. Edo hala ematen zuen behintzat lagunaren begizuloei –ukuilu usaina ez aipatzeagatik– erreparatuta, uste baino arnas luzeagokoa bihurtu zitzaiola Durangoko Azokako lasterketa, eta, esaerak dioen bezala, nola ate batzuk ixtean beti beste batzuk irekitzen diren, ba irudika dezakezue panorama: Plateruena-kebap kozkorra-txistulari alardea-txakolin botila eta segi borrokan segi tragoei bultzaz, Eibarko Astelehenako azken finalerdian –batek daki nola– lur hartu arte. “Urte osorako jatortasun kupoa beteta natorrek”, eman zidan abisu. Gupidarik gabe, on fire zetorrela, alegia.

Lan puntuagarrien aurretik ekin zion purrustari, pentsa. Felix Zubiak eta Xamoak beren agurretan lehiari garrantzia kenduz bezala kantatu zuten, eta Inesi letaginak zorrotz jarri zitzaizkion supituan. Esan nion ez dela oso elegantea zer eta agurrak jo puntuan jartzea, bakoitza libre dela entzulea nahi bezala agurtzeko. “Noski, baina ni ere libre izango nauk ba pentsatzen dudana esateko. Begira: txapelketei buruz nahi duan iritzia eduki dezakek, egongo haiz alde, kontra, zalantzati, tesi bat egiteko adina gogoetatu duk kontuaz. Nahi duana. Baina behin taula gainera igotakoan niri ez hasi ‘ondo pasatzea da garrantzitsuena’ eta tankerakoekin. Ez daukak inoren aurrean hire kiroltasun maila eredugarria erakutsi beharrik. Txapelketara apuntatu bahintzen, igo hadi oholtzara ondorio guztiekin”.

Inesi kontra egiteko argudioen bila igaro nuen saioa, baina zail ari zitzaidan suertatzen. Are, lagunaren arrazoiketa zentzuzkoa zela pentsatzera ailegatu nintzen azkenerako, ematen baitzuen finalaren gertutasuna bertsolarien jarduna bereziki baldintzatzen ari zela: tentsioa sumatzen zen, irristada dezente eta ofizio borobilik ez. Nahikari Gabilondo konfiantza gutxirekin, dudati antzera. Felix Zubia ere trabatu samarrik. Mikel Artola ideiaz asmotsu baina distiratzera iritsi gabe. Iñaki Gurrutxaga sendo hasieran, baina ahulago zortziko txikian rolez nahasiz geroztik. Xamoak eta Jon Maiak egin zuten lanik onena nabarmen samar: gorabehera batzuekin hauek ere, baina gainontzekoen koska bat gainetik –kartzelan, batez ere–.

Tolosako saiokoarekin alderatuta, gai estuagoa jarri zuten kartzelakoan –eta, zer diren gauzak, orduan baino askoz anitzagoak izan ziren gaiari heltzeko moduak–. Hala zioen: "disimulatzen saiatu den arren, zurekin hitz egin eta malkoak atera zaizkio". Ines ere konforme zegoen –harrigarriki–: “malkoak malko, nahiko gai aproposa jarri ditek oraingoan”. Bertsolarien lana aditu ondoren, beste kontu batek piztu zion arreta, ordea:

“Ohartu al haiz? Ia denen lanetan patroi bera errepikatu duk. Gatazka aurkeztu, garatu, eta, amaieran, moralki zuzena den hautua hartzen bukatu ditek. Gabilondok bularreko minbizia duen amari esan ziok elkarrekin egingo diotela aurre gaitzari; Zubiak seme kokainazaleari bide zuzenera itzultzen lagunduko diola; Gurrutxagak baldintzarik gabeko elkartasuna adierazi ziek hilaren amaierara iritsi ezin duten gurasoei; Maiak, ama erdaldunari, jada gainditu duela inoiz inon harekin hitz egiteak sentiarazi izan zion deserosotasuna. Non zaudek pertsonaia gaiztoak, nazkagarriak, perbertsoak? Kontuak merezi dik gogoeta bat. Gure balioekin bat datorrenari buruz kantatzea errazago jotzen diagu ontzat, planteatu beharrean, esaterako, berdin edo are hobea izan daitekeela gugandik oso urruneko balioak dituena konplexutasunez erretratatzea. Bazaukak bertangoxokeriatik zerbait joera horrek. Hori baino arranoagoa duk mundu hau”.

Halako piura tristerik ez balu, serioago hartuko nukeen Inesen espitxa. Erantzunik otu ezinda, eskatu nion, bazuela garaia eta joateko, faborez, lotara.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa 2015
2016-01-17 | Kepa Matxain
Beñat Gaztelumendi Arandia
"Ez zait gustatzen bertsolaritza beste kultur jarduerentzat eredugarritzat saltzea"

Oraindik ez da aparretatik jaitsi, goizegi da Gipuzkoako txapeldun berri izateak zertan eragin dion tentuz aztertzeko. Hori jakinda, finalaz ahalik eta gutxien eta bertsolaritzaz ahalik eta gehien hitz egiten saiatu gara. Atera diren gaiak: belaunaldi berria, kolektibotasuna... [+]


2015-12-27
Ahots xumea nagusi

Beñat Gaztelumendi Arandiak jantzi zuen abenduaren 19an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako txapela, zezen plaza bete jenderen aurrean. Alaia Martin Etxebestek langa oso goian jarri zuen saio osoan, eta Gaztelumendik bakarkako lanetan lortu zuen hegoak zabaldu eta oso tonu... [+]


2015-12-27 | Kepa Matxain
Larrialdi deietarako sermoiak

Desesperatuta, Inesen telefono zenbakia markatu nuen. 

– Aizan, behar haunat. 

Nire porrota onartzea zen hura, baina ez neukan beste irtenbiderik. Azken aukera nuen neure buruari frogatzeko gai nintzela nire irizpide hutsez kronika duin bat egiteko,... [+]


2015-12-21 | Kepa Matxain
Finalaren kronika
Larrialdi deietarako sermoiak

Beñat Gaztelumendik (1012 puntu) irabazi zuen txapela, Alaia Martinekin batera (993) buruz buru aritu ondoren. Segidan gelditu ziren Agin Laburu (614), Iñaki Apalategi (603,5), Unai Agirre (595,5), Oihana Iguaran (594), Jon Maia (586) eta Arkaitz Oiartzabal... [+]


2015-11-30 | Kepa Matxain
Tolosako finalerdia
Kartzelak salbatua

Unai Agirrek (517 puntu) irabazi du eta zuzenean sailkatu da finalerako. Bere atzetik geratu dira, hurrenez hurren, Beñat Gaztelumendi (501), Iñaki Apalategi (493,5), Oihana Iguaran (482), Nerea Elustondo (476) eta Beñat Lizaso (458,5).


Eguneraketa berriak daude