argia.eus
INPRIMATU
EPPK-rekin elkarrizketa
EPPK-k kezkaz ikusten du “alde batetik eta bestetik” kolektiboa erabiltzeko joera
  • Presoen alde lan egiteko prest daudenen artean “batasuna” eta “euskal jendartearekin bat egiteko” bitartekariak eskatu dituzte.

Urko Apaolaza Avila @urkoapaolaza 2015eko uztailaren 01
Monika del Valle / Argazki Press

EPPK-ren bozeramaile diren Marixol Iparragirre eta Mikel Albisurekin ARGIAk izandako elkarrizketan argi ikusten da preso politikoen kolektiboak nolako zailtasunak dituen bere ildoak finkatu eta komunikatzeko orduan: “Berandu jasotzen dugun euskal prentsa dugu informazio iturri nagusi eta ia bakar Espainia eta Frantziako hedabideen manipulazioa eta isiltasunari aurre egiteko. Gure ikustaldiak zainduak daude, ziegetan jazartzen gaituzte, gu artatzera datozenak, gure senide eta lagunak, abokatuak, guztiak daude jo puntuan”.

Egoera horrek “erantzun dinamika” batera bultzatzen dituztela diote eta beharrezko ikusten dute “orain arte baliagarri izan zaizkigun erresistentziarako jarraibideak” aldatzea. Hala, kezkaz ikusten dute “kolektiboa erabiltzeko joera, alde batetik zein bestetik presoongana jotzen da nork bere alea atera nahian –diote bozeramaileek–. Dauden indarrak bildu egin behar dira, sakabanatu ordez. Batasuna behar dugu, presoen alde lan eta borroka egiteko prest daudenen artean ere”.

Jendartearekin bat egiteko kolektiboak bitartekariak behar dituela uste dute –“gutako bakoitzak behar du bitartekari bat”– eta argi dute gatazka gainditzeko prozesuak bestelako ekimenak behar baditu, horiek herritarren sostengu eta lankidetzarekin burutu behar dituztela: “Eta alderantziz, kalean egiten diren ekimenetan presoon presentzia eta parte-hartzea lortzea da gakoa”.

Hain justu, Pariseko bake konferentzian fisikoki parte hartzea eskatu zuten “gatazkaren konponketarekin” konpromisoa adierazi eta norbanakoen iritziak eta planteamenduak zuzenean jasotzeko. Ez zen posible izan.