argia.eus
INPRIMATU
EPPK-k Jaurlaritzari leporatu dio kolektiboaren “batasuna desegin” nahi izatea
  • Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Eusko Jaurlaritzako Bake eta Elkarbizikidetzarako Idazkaritzak bidalitako oharra gaitzetsi du, Garak argitaratu duen komunikatuan. “Kaleratzeko bidean bete beharreko urratsen berri” dihardu Jaurlaritzaren oharrak. Haatik, “EPPK apurtzeko saio zahar-berritu baten aurrean gaude”, dio Kolektiboak komunikatuan.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko uztailaren 13a
Mobilizazio ugari izan ziren Fresneseko gose grebaren amaiera aldarrikatzeko. (Arg: @uaiartza).

Frantziako Estatuko Gobernuari ere luzatu dio mezua EPPK-k. “Frantziako Instrukzio epaileak eta kartzela administrazioa hartzen ari diren erabakiek ezin argiago uzten dute gatazka konpontzeko bidean urratsak eman ordez, Espainian bezalatsu egoera usteldu eta gaiztotzearen alde egin dutela”.  

Komunikatuaren hasieran Fresneseko kartzelan gose greban izan direnak aipatu ditu Kolektiboak, eta ohartarazi bertan gertatutakoa “adibide bat” baino ez dela, “errepresio jarrerak gaina” hartzen baitio “garai bateko status quoari hainbat kartzeletan”.

Jaurlaritzaren txostenari dagokionez, EPPK-k gaitzetsi du badirudiela “orain dela 27 urte abiatutako sakabanaketa politikaren uzta bildu nahian dabiltzala, oroitarazten baitigute salbuespen legediak bi aukera eskaintzen dizkigula: ezker abertzalearen damutze kolektiboa edota gutako bakoitzarena”.

“Ematen du EAJ eta beste batzuen zeregina dela euskal militante presoei oroitaraztea zein den eta nolakoa den Espainiako botereak urtez urte handitu digun oztopo-bidea. Ez bageneki bezala”, diote.  

Mezu bikoitza Jaurlaritzari

Bi mezu bidali dizkio Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Jaurlaritzari. Lehenak dio: “EPPK-ko kideok aski helduak gara une bakoitzean gutako bakoitzak zer urrats eman behar duen guztion artean erabakitzeko”. Eta gaineratu dute EPPK-ko kideak “ezker abertzalearen baitan” kokatzen direla, “askapen proiektu independentistaren barruan kokatzen den fase berri honetan dagokigun funtzioa betetzeko prestasun osoa dugu”.

Ildo horretatik Kolektiboak azaldu du: “zorionez, Euskal Herriaren askapen prozesua ez da etengo eta ez da azken presoa atera arte esperoan egongo. Eta zorionez, gutako bat kartzelatik ateratzen den bakoitzean askapen prozesua lastratzeko erabili nahi duten aitzakia bat gutxiago izango dute, eta askapen prozesua indartzeko aktibo bat gehiago izango dugu”.

Herriaren babesa, funtsezkotzat

Komunikatuan gogorarazi dute “legediaren baliabideak erabiltzea erabaki” zuela Kolektiboak. Baina “ez ordea, bakardadean. Herriaren babes eta laguntzarekin egin asmo dugu bide hori”.

Instituzioei, euskal alderdiei, eragile sozial eta sindikalei dei egiten die Kolektiboak: “egin dezatela beren esku dagoen guztia gure baldintza gabeko herriratzea erdiesteko”.

Bukatzeko, udan preso eta iheslarien eskubideen alde Euskal Herrian egingo diren ekimenetan parte hartzeko deialdia luzatu dute. Izan ere, haien esanetan “Euskal Herriak gatazkarik gabeko eszenatoki politikoa behar du eta ez da horrelakorik izango euskal preso eta iheslari politiko guztiak etxeratu arte”.