Naval ontziolako langile ohi bati kalte-ordaina ordaindu beharko dio enpresak, amiantoarekin kontaktuan lan egin izanagatik garatutako gaixotasunaren harira. Amiantoak kaltetutakoen Asviamie elkarteak jakinarazi du, minbizi arriskuen aurrean enpresak ez zituela jakinaren gainean jartzen langileak.
Amiantoarekin lan egin izanaren ondorioz biriketako adenokartzinoma duen pertsona batek jarritako salaketa aintzat hartu du Bilboko Lan Arloko Epaitegiak, eta ondorioz zigortu egin du Izar enpresa (Naval). Egun itxita dagoen Sestaoko Naval ontziolak amiantoaren aurrean segurtasun eta higiene arauak ez betetzeagatik, kaltetuari 216.459 euro ordaindu beharko dizkio enpresak.
Salaketa jarri duen pertsona langile izan zen ontziolan, eta 1998an diagnostikatu zioten gaixotasuna. Lan gaixotasuntzat jota, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ezintasun iraunkor osoa aitortu zion.
Amiantoak kaltetutakoen Asviamie elkartean jakitera eman duenez, 1966tik 2003ra artean aritu zen langilea Navalen lanean, amiantoarekin kontaktuan. Itsasontzien hodien konexioetan aritzen zen, eta amiantoz aurrefabrikatutako holtzak ere mozten zituen, aireztapenik gabeko espazioetan. Asviamieren arabera, minbizi arriskuen aurrean, langileak ez zituzten jakinaren gainean jartzen. Are gehiago, ez zieten maskararik eskaintzen, ezta osasun azterketa espezifikorik egiten ere.
Osalanek ere sarri adierazi duenez, garai horietan ohikoa zen amiantoarekin lan egitea ontzigintzan.