"Epaitegi barruan sorpresa gutxi izan ditugu Madrilen baina kanpoan bai, eta onak"

  • Askapenako kideak defendatu ditu Madrilen eta bertan bizitakoaren nondik norakoak kontatu dizkigu Eukene Jauregik.

Artikulu hau CC BY-SA 3.0 lizentziari esker ekarri dugu.

2015eko abenduaren 10an - 07:39
(Argazkia: Iñigo Azkona)

Orain, ezker abertzaleko zenbait kideren kontra abiatuko den epaiketa prestatzen ari da, urtarrilean atxilotu zutenean hastera zihoan epaiketa, alegia. 

Askapenako auzipetuen defentsan aritu zara duela aste batzuk Madrilen. Sorpresarik eraman duzu bertan?

Epaitegi barruan sorpresa gutxi izan ditugu baina kanpoan bai, eta onak, Madrilgo jendearen elkartasuna azpimarratuko nuke, egunero epaiketara etortzen ziren eta ekimen ezberdinak antolatzen zituzten. Haiek esaten zuten: “beste Madril” hori ere  ezagutu behar genuela, elkartasunarena, herri mugimenduarena,  eta pixka bat bada ere, horretaz gozatzeko aukera eskaini ziguten.

Ze ondorio atera duzue abokatuek?

Epaiketari dagokionez,  agerian gelditu da ez duela inongo oinarririk: Ez dute  ETA eta Askapenaren edo ETA eta auziperatuen arteko loturarik zegoela adierazten duen inolako frogarik aurkeztu. Horren aurrean,  akusazioek  argudio hutsaletara jo behar izan dute: Askapenak  ETAren jarduera armatua gaitzetsi duen edo ez, eta horrek, zuzenbide penalaren ikuspuntutik, ez du inolako oinarritik.

Fiskaltzaren arabera, Askapenak ETA-EKIN eta Batasunaren ildoei men egiten zien eta "prozesu iraultzaileetan" inplikatuta zeuden nazioarteko eragileen babesa lortzea ei zen erakundearen helburua. Zeintzuk dira akusazioarentzat prozesu iraultzaile horiek?

Prozedura beraren ibilbidea aztertuta argi geratu da beste kasu askotan bezala, zein den polizia eta epaitegiek erabiltzen duten logika. Ikerketa hasi aurretik, ondorioa eraikia dute: disidentziarekin, eta Euskal Herrian batez ere,  Euskal Nazio Askapenerako Mugimenduaren jo behar da. Beraz, honen  baitan jarduera gauzatzen duen oro kriminalizatu eta jokoz kanpo utzi behar da.

Frogak? Gerora lortu edo eraikiko dituzte: “inteligentzia perizial” deritzanen bidez, dokumenturen irakurketa partzial eta interesatuak eginez… 

Askapenaren aurkako prozeduran nabarmen geratu da: ikerketaren  hasieran ikerketaren xedea Euskal Nazio Askapen Mugimenduko zenbait kidek FARCekin izan zezaketen balizko harremana ikertzea bazen ere (Askapena horretarako bitarteko gisa aurkeztuz),  Ikerketak inolako heldulekurik ez zuela  ohartuta, zer egin zuten? tesia berreraiki: Askapena ETAren bitartekoa da, baina nazioartean presioa egiteko, edo gatazkaren irteera negoziatuaren alde egiteko. Ondorioa, hala ere, bera da: kriminalizazioa.

Zeintzuk dira defentsarako erabili dituzuen argudioak?

Eskubide zibil eta politikoen egikaritzea da egozten zaien jarduera: askatasun ideologikoaren, adierazpen askatasunaren, elkartze askatasunaren gauzapena, alegia. Bestalde, akusazioek prozeduran ziren elementuen gaineko irakurketa oker eta interesatuak egin dituzte, eta beraz, horiek azaleraztea. Horren adierazle garbia izan da epaiketak aurrera egin ahala, zenbait  elkarteren aurka eskatutako neurriak bertan behera utzi izana.

Gogorra izan behar da defentsa bat prestatzea susmoa izanda epaia aldez aurretik ezarrita dagoela ezta?

'Etsaiaren zuzenbide penala' deiturikoa baliatzen dute euskal herritarren aurka, berariaz horretarako sortutako salbuespeneko legedia, salbuespeneko epaitegiak, salbuespeneko atxiloketa baldintzak (inkomunikazioa), salbuespeneko espetxe politika, espetxe zigorrak beteta izan arren, hauek luzatzeko salbuespeneko interpretazioak (bizi arteko doktrina edo berriki, beste estatuetan jasandako zigorrak ez zenbatzeko egindakoa).  Jokalekua zein den argi izanda, defentsa prestatzea baino, gogorra, jendarte eredua eraldatu nahi duen euskal herritarra izatea da!

Absoluzioa eskatu duzue kide guztientzat. Itxaropenik?

Jakina.

Gauza batzuk berdin jarraitzen dutenaren seinale al da Askapenako epaiketa?

Ez soilik Askapena eta bere kideen aurkako epaiketa, euskal preso politikoek eta beren senide eta hurbilekoek pairatzen duten dispertsio politikak bere horretan dirau,  larri gaixorik dauden presoak kartzelan dira,…

Abokatuak ere izan zarete eta bazaudete ikusmiran. Urtarrilean beste 16 kiderekin batera atxilotu zintuzten. Nola bizi izan zenuen une hura?

Hilabete batzuk lehenago komunikabideetan era honetako sarekada bat gauzatuko zela zabaldu zen. Horren aurrean,  Entzutegi Nazionalean eta Abokatu Bazkunetan honen berri eman eta ardura adierazi genuen, deituak izatekotan deklaratzeko prest geundela adieraziz. Epaitegiak erantzun zigun ez zegoela halako ezer, gaizki ulertzeren bat izango zela. Baina hala ere atxilotu gintuzten, batzuk Madrilen bertan epaiketa batera joan baino ordu batzuk lehenago.

Zein egoeratan dago zuen auzia?

Gure auzia Euskal preso politikoekiko  elkartasuna kriminalizatzeko “makrosumario” baten baitan. Prozedurak aurrera dirau eta inolako oinarri juridikorik gabe, bost kide daude behin behineko espetxean: 2014ko urtarriletik  Arantza Zulueta eta Jon Enparantza abokatuak eta 2015eko urtarriletik gurekin batera atxilotutako Javi Carballido, Jon Mindegiaga eta Fran Balda.

Sakonean

Zenbat denbora daramazu abokatu lanetan?

2010 hasi nintzen, beraz,  bost urte.

Zer izan da gertatu zaizun gauzarik gogorrena?

Zaila da  “unerik gogorrena” zer izan den  zehaztea, baina testuingurua argi daukat, polizia ezberdinek euskal herritarren aurka baliatu duten tresnarik ankerrenaren erabilpena: tortura.

Zein da defendatu beharko duzun hurrengo kasua?

Ezker abertzaleko zenbait kideren eta EHAK eta ANV alderdien aurka abenduan abiatuko dena, atxilotu gintuztenean hastera gindoazen epaiketa, alegia. 

Ohitzen ari gara euskal herritarrak holako jazarpen eta muntaia judizialetara?

Neurri batean baietz esan daiteke, baina:, euskal herritar gehienak halako jazarpen eta muntaia polizialen,  edo dispertsioaren edo torturaren kontra gaude, eta herri gisa gure etorkizuna erabakitzeko eskubidearen gauzapenaren alde gaude.

Baina nahikoa da horrekin?

Estatuen itxikeriaren aurrean, ezetz ematen du. Iritzi “orokortu” horiek konpromiso eta lan bilakatu behar ditugu, estatuek egingo dutenari begira egon ordez, guk, herri gisa, gure bidea egiteari ekin behar diogula uste dut.

 

[Elkarrizketa hau lizentzia libreari esker ekarri dugu hona Prest aldizkaritik. Testu originala Uriola.eus atarian aurkituko duzu.


Kanal honetatik interesatuko zaizu: Askapena
Argentinako kronikak (I)
Villalba familiarekin elkartasun internazionalista

Abya Yala historia zapalkuntzaz beteriko bizitza dela esan daiteke. Bertako aberastasun naturalek paper garrantzitsua betetzen dute munduko burgesiaren metatze prozesurako.


Askapenaren 2023ko brigada kanpaina martxan da

Europako, Ekialde Hurbileko eta Abya Yalako askapen borroken ezagutza euskal herriratzea izango da brigadisten lana. Askapenak azpimarratu du elkartasun internazionalista herrien arteko "ezinbesteko tresna" dela eta munduko beste herri langileei babesa eta elkartasuna... [+]


Eguneraketa berriak daude