argia.eus
INPRIMATU
Belfasteko Kneecap musika taldea jo-puntuan: epaiketak, zentsura, jazarpena...
  • Israel Gazan egiten ari den genozidioaren aurkako mezuak adierazteagatik mota askotako errepresioa jasan du Irlandako Kneecap musika taldeak: Liam Óg Ó hAnnaidh kidea asteazkenean epaitu zuten, Londresen emandako kontzertu batean Hezbollah miliziaren bandera bat erakusteagatik; horrez gain, Europan zehar egiten ari diren biran hainbat herrialderen zentsura eta jazarpena pairatu dituzte.

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko abuztuaren 22a
'Mo Chara' taldekidea epaiketaren ostean. Aske utzi dute, epaileak erabakia irailaren 26ra arte atzeratu duelako. AP

Israel Gazako palestinarren aurka egiten ari den sarraskiaren aurka aho bilorik gabe mintzo den musika talde ezaguna izatearen ondorioak dira. Europako eta nazioarteko agintariek errepresioaren makineria martxan jarri dute Kneecap Irlandako musika taldearen aldarrikapenak isilarazteko nahiarekin: Liam Óg Ó hAnnaid taldekidea asteazkenean epaitu zuten Londresko auzitegi batean, hiri berean 2024ko azaroan emandako kontzertu batean Libanoko Hezbollah miliziaren bandera bat erakusteagatik. Óg Ó hAnnaidhri babesa adieraztera jende andana hurbildu zen auzitegira.

Izan ere, gaelikoaren aldeko ekintzaileak izateko eta Palestinaren aurkako genozidioan konplizitatea duen edonor seinalatzeko hautua hartu du musika taldeak, euren abestietan eta emanaldietan zentraltasuna hartzen duten mezu politikoen bidez. Esaterako, munduko jaialdi jendetsuenetakoa da Kaliforniako (AEB) Coachellan. 100.000 ikusle baino gehiagoren aurrean Fuck Israel, free Palestine zioen mezua erakutsi zuten agertokiko pantailan. Horregatik, azken hilabeteetatik Europan zehar egiten ari diren biran herrialde ugaritan emanaldiak ematea galarazi diote taldeari.

Erresuma Batuko Polizia Hezbollah miliziaren banderaren gertakaria ikertzen hasi zenean, Alemanian hainbat jaialdi eta hiritan kontzertuak eskaintzea ukatu zioten: zehazki, Hurricane eta Southside jaialdietan eta Berlinen, Kolonian eta Hanburgon. Hurrengo hilabetean, Hungariako Gobernuak iragarri zuen musika taldeko kideei debekatu egin ziela hurrengo hiru urteetan herrialdean sartzea, "segurtasun nazionalarentzat mehatxua" baitira. Abuztuaren hasieran, berriz, Austriako FPO eskuin muturreko alderdiak eginiko presioari esker, Irlandako taldeak irailaren 1ean Vienan eman behar zuen emanaldia bertan behera utzi zuten, "segurtasun kezkengatik".

 Kaliforniako Coachella jaialdian emandako kontzertua.

Begirada guztiak Frantzian jarriak

Orain arte Europan zehar pairatutako jazarpen kasuen harira, begirada guztiak Frantzian jarri dira. Rock en Seine jaialdian izango da Kneecap igandean. Renaissance alderdiko –Emannuel Macron Frantziako presidentearena– diputatu Caroline Yadanek, ohar baten bidez, musika taldeari herrialdean sartzeko baimena ukatzea eskatu zion Bruno Retailleau Barne ministroari.

Yadanek salatu du Kneecapek "judutarren aurkako indarkeria eta gorrotoa" sustatzen dituela, "terrorismo islamikoa" goraipatzeaz gain. Retailleauk, ordea, adierazi zion Yadani Belfasteko taldeak igandeko emanaldian ez duela "ordena publikoa" kolokan jarriko, jokabide kode bat errespetatzea ontzat jo baitute.