argia.eus
INPRIMATU
Enrique Santiago, FARCen aholkularia: “Bakea finkatzea eraikitzea baino zailagoa da beti”
  • Indarrean da su-etena Kolonbian. Larunbatean sinatu zuen dekretua Kolonbiako presidente Juan Manuel Santosek eta FARCek egun bat geroago alboratu zituen armak ofizialki, Rodrigo Londoña Echevarri Timochenko gerrillako buruak Habanatik agindu ostean. Enrique Santiago negoziazioetan gerrillako aholkulari izan da eta uste du zailena hastear dagoela. La Mareari emandako elkarrizketan, “bakea sendotzeko aldia” izan du hizpide.

Sara Arruabarrena Azkarate @s8ara 2016ko abuztuaren 29a
Enrique Santiago negoziazioetan gerrillako aholkulari izan da. (Argazkia: La Marea)

Astelehen goizaldean sartu da indarrean behin-betiko su etena eta alde biko erasoak amaitu dira horrekin. Orain gobernuak, gerrillak berak eta nazioarteko ordezkariek egiaztatuko dute neurriak betetzen direla.

“Eskubide sozialak eta giza-eskubideak errespetatuko dituen” etapa hasi dela iritzi du Enrique Santiagok, “batez ere landa eremuko herritarren eskubideak, Kolonbian azken 60 urteetan indarrean izan diren neurriek baztertu dituen taldearenak”. Santiagoren hitzetan, “bakea finkatzea eraikitzea baino zailagoa da beti. Kolonbiaren kasuan biolentzia politikatik ezabatzeko garaia da”.

Kolonbiako akatsetatik ikasi Euskal Herrian

Otegiren hautagaitzaren inguruan ere mintzatu da Santiago. “Konparazio bat egingo dut: Kolonbiako gobernuak egindako akatsik larrienetarikoa gerrillako buruak gaitasungabetzen zituen legea onartzea izan zen, 2012an. Oztopo hau ezabatua izan da jada”. “Oraindik eta mingarriagoa da Otegirekin gertatutakoa, bere gaitasungabetzea ez baita legez kanpoko erakunde edo erakunde armatu bati loturikoa, baizik eta biolentzia ororen desagertzea eskatzen ari diren unean gertatzen ari da”.

Bakearen lorpenagatik Rajoyk Kolonbiako presidente Santos zoriondu zuen. Horren harira Santiagok dio “zorion paradoxikoa” dela, “Bildu legearen barruan dagoen alderdi politikoaren hautagaia gaitasungabetzeko erabakia txalotu baitu”.

Hurrengo urratsak

FARC-EPk Gerrillarien X. kongresua egingo du irailaren 13 eta 19 bitartean, bake prozesuari oniritzia eman eta alderdi politiko bat sortzeko bidean urratsak ematen hasteko. Urriaren 2an plebiszitua izango da eta herritarrek akordioa onartu ala baztertuko dute. Data hori baino lehen bi aldeek behin-betiko akordioa sinatuko dute Kolonbian.