argia.eus
INPRIMATU
Enrique Múgica PSOEko buruzagi historikoa hil da koronabirusaren ondorioz
  • Politikari donostiarra PSOEko exekutibako kidea izan zen 1967tik, eta 1988an Espainiako Justizia ministro izendatu zuen Felipe Gonzalezek. Euskal preso politikoen sakabanaketa-politika bultzatu zuen 1980ko hamarkadaren amaieran.

ARGIA @argia 2020ko apirilaren 11
Enriqué Múgica, PSOEk zabaldutako mezutik hartutako argazkian.

Bart hil da, 88 urte zituela, Covid-19 birusaren ondorioz. 21 urterekin Alderdi Komunistan afiliatu zen Múgica. Hainbatetan espetxeratua, PCEtik urruntzen joan eta PSOEn afiliatu zen.1967an exekutiba nagusiko kide izendatu zuten, eta 1977ko lehen hauteskundeetan diputatu aukeratu zuten Gipuzkoatik. 2000. urtera arte mantendu zuen kargua. Urte hartako bozetan ere hautatu zuten diputatu kargurako, baina Jose Maria Aznarren gobernuak Herri Defendatzaile kargurako proposatu zuen eta Múgicak onartu egin zuen; PSOEko militantzia utzi eta diputatu eserlekuari uko egin zion. ETAk 1996an bere anaia Fernando Mugica hil zuen Donostiako taberna batean, bera ere PSOEko politikaria zen.

PSOEk dolumina agertu dio haren familiari, sare sozialetan zabaldutako mezuaren bidez. Alderdiak "Demokraziaren defendatzaile" bezala definitu du Enrique Múgica.