Palestinaren aldeko lanuzteek enpresetan jarraipen zabala izatea aurreikusten zuten sindikatuek, eta hala izaten ari da. Gainera, mobilizazioak lantokietan bertan hasi dira, hiriburuetan egingo diren manifestazio handien atariko.
Urriaren 15aren aurretik hasi dira enpresetan ere urriaren 15eko aldarriak zabaltzen. Aurreko egunetan dozenaka mobilizazio antolatu dira Volkswagen, Mercedes, Michelin, Arcelor-Mittal, Laminaciones Arregi, CAF, Indar, Jaso, Gestamp, Irunberriko Acciona eta beste hainbat eta hainbat enpresatan. Horietan, lanuzteen deialdiak izandako babesa oso handia izan da, kasu batzuetan %70etik gorakoa, LAB sindikatuak jakinarazi duenez.
Hainbat lanuzte deialdi zeuden eginda gaurko. Alde batetik LAB, CCOO, UGT, ESK, STEILAS, CGT, Etxalde, EHNE-Nafarroa, Solidari eta HIRU sindikatuena, eta bestetik ELA sindikatuarena. Deialdi orokorra eguerdi aldean bada ere, goizeko eta gaueko txandetan ere lanuzteak deitu dituzte.
Hala, esaterako, Busturialdeko Nemak enpresako, Tekcnicaldeko, Artekako eta Angulas Aguinagako langileek gaueko txandan lanuztea eta elkarretaratzea egin dituzte lantegien kanpoaldean.
Zamudioko eta Beasaingo CAFen lantokietan ere gaueko txandetan hasi da Palestinaren aldeko aldarria. LABen esanetan Beasainen "erabateko jarraipena" izan du eta esku-orriak banatu eta pankartak eskegi dituzte lantokian. Goizaldean palestinar bandera bat jartzen ari zirela ertzainek hainbat kide identifikatu dituztela salatu du sindikatuak.
ELAk, bere aldetik, ohar bidez azaldu duenez, gaueko lanuzte horiek industrian "eragin handia" izan dute, bereziki Gipuzkoan eta Bizkaian. Esaterako, Goierriko enpresa esanguratsuetan: besteak beste, CAF, Indar, CIE, Hine, Jaso Itsasondo, GKN, STO. ELAk 11:30ean erakundeen eta patronalaren egoitzen aurrean egingo ditu elkarretaratzeak
Beste sindikatu deitzaileek hainbat enpresaren ataritan deitu dituzte lehen elkarretaratzeak eta 11:30ean zutabeak antolatu dituzte eguerdian manifestazio nagusiak deituta dauden tokietaraino.
AEG-PSIko langileek, greba orokorra
Miñaoko (Araba) parke teknologikoan dagoen AEG Powe Solutions Iberia enpresako langileek deia luzatu diete gainerako langileei, "Israelgo Estatuarekin harremanak hausteko greba orokorrarekin" bat egin dezaten, esanez sindikatuek deituriko lanuzteak ez direla "nahikoak".
Enpresa horrek bateriak eta kargadoreak ekoizten ditu CAF enpresarentzat Israelgo tranbia egiteko.