Enplegu erregulazio txostenen negoziaketa eredua nabarmen aldatuko da Hego Euskal Herrian, joan den ostiralean Espainiako Gobernuak onartutako hainbat neurriren ostean. Neurri horiek Rajoyren gobernuak prestatu duen Aldi-baterako Langileen Babeserako Dekretu Legearen barruan daude.
Aldaketek enpresen eta multinazionalen eskumenak handiagotuko dituzte. Atzerriko enpresek edozein momentutan eskatu ahalko dute erregulazio txostena, baita irabaziak izanda ere, ez baitute enpresaren osotasunezko kontuen informaziorik eman beharko.
Legedi berriak nabarmen murrizten du epaileek kanporatze espedienteak baliogabetzeko zuten eskumena.
“Segurtasun juridikoa hobetzeko” helburuarekin egin ditu gobernuak aldaketa hauek. Bilatzen dituen helburuen artean, enpresa talde eta multinazionaletan kaleratze kolektiboen negoziazio mahai bakar bat egotea dago. Horri esker enpresa eta korporazio berdineko lantegi desberdinetan, negoziazioaren bidez emaitza desberdinak lortzeko aukerarekin amaitu nahi da.
Sindikatuak gobernuaren neurri berrien aurka azaldu dira. ELAren ustez, birmoldaketa horrek are gehiago indartzen du negoziazioetako aldebakartasuna. Kaleratze negoziazio kolektiboak mahai bakar batera murriztea sindikatuak indargabetzeko estrategia zuzena dela leporatu dio ELAk Espainiako Gobernuari.
CCOOk eta UGTk ere ez dute begi onez ikusi Lan erreformaren birmoldaketa. Rajoyk multinazionalei egindako beste opari bat dela diote, eta erabateko aurkakotasuna adierazi diote gobernuari.