argia.eus
INPRIMATU
Enpatia garaia
  • Ekofeminismoak bizitza nondik eta nola baloratzen duen, ikuspegi konplexuagoa eraikitzeko proposamena dakart. Desazkundearen inguruko ekofeminismoa eta antiespezismoa ezagutzearen ondorio dira datozen lerroak; landa eremuan jaio eta hirigunean bizitzeak dakartzan ikuspegiekin; eta aktibismoaren eta amatasunaren esperientzia politiko eta pertsonalekin.

Junkal Arruti Tena 2025eko irailaren 08a
Ziortza Larreategi

Minbiziak gure haurra eraman duela denbora gutxi pasa den honetan, eta bera galtzearen mina zein handia izan den inork zalantzan jarriko ez duela jakinda, gizakiaz besteko animalia bakoitzaren bizitzaren garrantziaz aritu nahiko nuke.
Maite ditugunak galtzearen enpatiatik abiatuta, imajinatzera heldu gaitezke, esaterako, behi batek esnea ematen jarraitzeko bere kumearengandik banatzeak sortu diezaiokeen mina nolakoa izan daitekeen. Animalistak kolektibo antiespezistak duela urte batzuk bere proiektu batean zioen bezala, "animaliek egiten diegun guztia sentitzen dute". Dela kumea amagandik banatzea, dela beren gorputzak gizakion intereserako esplotatzea, izan jateko, janzteko, esperimentatzeko.... edo ondo pasatzeko.

Ikuspegi ekologistatik zenbait datu dakartzat: munduan, urtero 100.000 milioi animalia elikatzen ditugu 8.000 milioi pertsona elikatzeko (12 bider gutxiago). FAOren (ingelesez Elikadura eta Nekazaritzako Ustiategien Erakundea) arabera, haragi eta esneki ekoizpenek askoz ere lur eta ur gehiago behar dituzte landare jatorriko elikagaiek baino. Adibidez, kilo bat behi haragi ekoizteko 15.000 litro ur inguru behar dira. Dilistekin proteina kantitate berdina lortzeko 5.500 litro.

Landare proteina (dilistak, ilarrak, soja…) hazteko animalia jatorriko proteina ekoizteko baino 3-10 aldiz ur gutxiago behar da, 20-60 aldiz CO2 gutxiago isurtzen da eta 5-50 aldiz lur gutxiago erabiltzen da. Beraz, aztarna ekologikoa txikitzeko modu eraginkorrenetako batzuk industria intentsiboa baztertzea eta animalia jatorriko produktuen kontsumoa murriztea dira. Abeltzaintza extentsiboak baldintza hobeak eskaintzen dituen arren, animalien dominazioa ematen jarraitzen da –instrumentalizazioa, askatasun eta autonomia eza, erreprodukzio kontrola eta erahiltzea–.

Azkenik, gizakion osasunari erreparatuz gero, erakunde ofizialek diote, zientifikoki frogatutako datuen arabera, landareetan oinarritutako elikadura orekatua gizakion bizitzako edozein arotan onuragarria dela (haurtzaroan, haurdunaldian…), gaixotasun kroniko arrunten arriskua murrizten duela dieta omniboroekin alderatuta, eta mikrobiotaren eta osasun orokorraren gaineko eragin positiboa duela.

Hausnarketa eta datu hauek guztiak mahai gainean jarrita, hainbat galdera egiten hasi gaitezke. Hobe da bertako txerri bat hiltzea jateko, Frantziatik datorren sojarekin egindako tofua baino? Baina badakigu txerri horren pentsuaren jatorria? Eta jaso dituen txerto eta antibiotikoena? Eta non hil duten? Are gehiago, beste izaki sentikor baten heriotzik suposatzen ez duen elikagaiak baditugu eskura, etikoa al da txerria jatea? Pribilegio kontua izan daitekeela konturatzen al gara? Zergatik txerri hori jateko "behar" hori? Zaporea, tradizioa eta legalitatea beste izaki sentikor batzuk erailtzeko arrazoi nahikoa al dira? Zergatik nahiago dugu besteek gure ordez eskuak (eta kontzientzia) odolez zikintzea? Eta ardura hori nork hartzen duen ba al dakigu?
Bada garaia arrazoi ekologistak eta etikoak kontuan hartu, eta gizakiaz besteko animaliak nola tratatzen ditugun eta gure sistemetan duten lekua birpentsatzeko. Bada garaia agroekologiaren bereizgarriei –merkaturatze zirkuitu laburrak, lan baldintza duinak eta bertakoak, garaikoak eta ekologikoak diren produktuak, besteak beste– %100 landare jatorria batzeko. Prest al gaude guztion bizitzak erdigunean jarri eta ikuspegi antropozentrikoa deseraikitzeko?