Bizkaian, Artzentales eta Sopuerta artean Euskal Haizie enpresak eraiki asmo zuen zortzi aerosorgailuko zentral eolikoaren proiektua atzera bota du Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak, faunan, landaredian eta ondarean eragingo lituzkeen kalteengatik. Enkarterriko herritarrak behin eta berriz mobilizatu dira proiektuaren aurka.
Enkarterriko Alen eta Mello mendien bueltan egitekoa ziren zentral eolikoaren proiektuak ingurumen eraginari buruzko kontrako adierazpena jaso du Jaurlaritzako Industria Sailaren aldetik, astearteko Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkariak argitaratu duenez.
Fisterra Energy taldeko kide den Euskal Haizie S.L.U enpresak egin asmo zuen 200 metroko garaierako zortzi aerosorgailutako zentral eolikoa, Artzentales, Sopuerta, Galdames, Muskiz, Zalla eta Gueñes herrietako lurretan, 49,6 megawatteko potentziarekin. Ebakuazio linea batek Artzentalestik Gueñesera elektrizitatea airez eramango luke, gainera.
Proiektua atzera botatzeko arrazoi nagusien artean dago eremua interes handikotzat jotzen dela "abifaunaren ikuspuntutik". Sai zuri, ugatz eta sai arrearen presentzia handia dago, eta zenbait kasutan nekrofagoen umatze toki garrantzitsuak ere bai. Sai zuriaren kasuan, gainera, Iberiar penintsulako "dentsitate gehien" duen kolonietako bat da eta nazioarte mailako garrantzia du espezie hori kontserbatzeko.
Bestalde, miru gorria, belatz handia eta beste hainbat hegazti harrapakariri ere eragingo lieke azpiegiturak, baita bertan bizi diren eta mehatxaturik dauden hainbat saguzar espezieri ere. Bisoi europarra eta galtzeko arriskuan dauden landare motak ere aipatzen ditu dokumentuak, kalteturiko fauna eta floraren barruan.
Proiektua atzera botatzeko arrazoi nagusien artean dago eremua interes handikotzat jotzen dela "abifaunaren ikuspuntutik". Sai zuri, ugatz eta sai arrearen presentzia handia dago, eta zenbait kasutan nekrofagoen umatze toki garrantzitsuak ere bai
Jaurlaritzak dio Alen mendian "Historiaurreko, Erdi Aroko eta gaur egungo kultura-ondare aberatsa" dagoela, estazio megalitikoa, meatze-barruti historikoak edo dorretxeak kasu, eta babes berezidun ondare gisa katalogaturik daudela.
Haize errotak, ebakuazio lineak, pistak eta bestelako azpiegiturak jasoko lituzkeen zentral eolikoak, hortaz, horiengan guztiengan eragin "kritikoa" izango duela ondorioztatu dute adierazpenean.
Herritarrak aurka, instituzioak ere bai
Enkarterrin zentral eoliko ugari jarri nahi dituzte enpresa eta multinazionalek, eta horien aurka mobilizaziotan dabiltza herritarrak azken urteetan, besteak beste, Enkarterri Bizirik elkartearen edo Enkarterrin Makroeolikorik Ez plataformaren bidez. Hala, Antzertales-Sopuertako zentralaren kontrako hiru mila alegaziotik gora aurkeztu zituzten 2023ko abenduan.
Bestalde, bai Bizkaiko Aldundiak bai Espainiako Gobernuko Ingurumen Ministerioak proiektu horren kontrako iritzia agertu zuten txosten banatan. Hala, ziurgabetasun legalak medio, Jaurlaritzaren Ingurumen baimena denbora luzez tramite administratiboetan izan da. Orain, proiektuaren sustatzaileek kontrakoa jaso dute.