Electricité de France (EDF) argindar enpresa publiko frantziarrak asmoa du erreaktore nuklearrak eraikitzen dituen Areva –publikoa hori ere– erosteko. Ségolène Royale Ekologia ministroa ados da egitasmoarekin; hura gauzatuz gero, Frantziako energia nuklearraren sektoreari bultzada emango zaio diru publikoz.
Ez dira garai gozoak Arevarentzat. Duela urte batzuk, European Presurised Reactor (EPR) eredua garatu zuten, harentzat merkatu oparia izango zelakoan. Alta, bi EPR baizik ez dira eraikitzen ari, bata Frantzian eta bestea Finlandian, eta enpresak bideragarritasun arazo larriak ditu. Arevaren %87 jabetza publikokoa da.
EPR erreaktoreen eraikuntzan oztopo tekniko ugari suertatu dira, eta horrek eragin du haien prezioa biziki handitzea –8.000 milioi eurotik gora, aurreikusitakoaren halako hiru– eta honezkero sei urteko atzerapena izatea, funtzionatzen hasi behar zutenetik.
Horri gehituz Fukushimako istripua, ondorioa da Arevak ez duela bere erreaktoreetarako merkaturik. Iaz, 4.800 milioi euro inguruko galerak zituen pilatuta enpresak.
Sektore nuklearra estrategikotzat du Frantziako Gobernuak, eta hala, EDFk Areva erostea sustatu du. EDFren etekinekin Arevari eustea da helburua.