Nafarroako Energia Eraldatzen plataformak Nafarroako Gobernua presionatu nahi du beste energia eredu bat ezar dezan, eta 18:00etan jarri dute hitzordua, Gaztelu Plazan. Salatu dute krisi energetikoa eta klimatikoa baliatzen ari direla “negozioa egiteko”.
Maiatzaren 28an protestara deitu dute Nafarroako Energia Eraldatzen plataforman bilduta dauden eragile guztiek, Eredua alda dezagun, ez klima lelopean, salatzeko herrietan eta naturan kalteak eragiten dituztela energia berriztagarria ekoizteko azpiegitura erraldoiek. Nafarroako Gobernua presionatzeko baliatuko dute larunbateko manifestazioa: beste energia eredu batera aldatzeko eskatzen diote.
Zentral eoliko eta fotovoltaiko handien aurkako aldarria egingo dute Iruñeko Gaztelu Plazatik abiatuta, 18:00etan. Instituzioei eskatuko diete martxan dauden “100dik gora megaproiektu” eteteko. Nafarroako Energia Eraldatzen plataformako kideen esanetan azpiegitura handi horien bidez enpresek helburu bakarra lortu nahi dute: “Krisi energetiko eta klimatikoaz baliatzen dira negozio berriak egiteko, herriak eta natur ondasunak okupatuz”, azaldu dio Euskalerria irratiari Iosu Alfarok.
Nafarroako Gobernuari exijituko diote energia politiketan norabidez aldatzeko, “pertsonentzako eta enpresentzako baliagarria den energia naturalago eta berdeago baterantz”.