argia.eus
INPRIMATU
Energia burujabetzan aurrerapausoak emateko gida plazaratu du Udalbiltzak
  • Udalbiltzaren Energia herritarren eskuetan gidak udalek energiaren alorrean dituzten ahalmenak aztertu ditu, baita energia komunitateak zer diren eta nola garatzen diren azaldu ere, "herritarren parte-hartzeak eta ahalduntzeak duen garrantzia azpimarratuz". Goiener, I-Ener, Ko-Energia eta Xabier Zubialde ingeniariaren ekarpenekin osatu dute lana.

ARGIA @argia 2023ko martxoaren 20a

Hainbat herritan abian dauden esperientziak bildu ditu Udalbiltzak, "antzeko lanketak garatzeko interesa izan dezaketen udalerriek informazioa eskuragarri izan dezaten". Energia esperientzia eraldatzaile gehiago martxan jarri ahala, zerrendara gehituko dituzte. Eguzki-energian oinarritzen diren proiektuak edota biomasa ardatzean dutenak aurkituko ditugu gidan.

"Egun hauetan bizi dugun testuinguruak, hots, klima larrialdiaren egoerak, deskarbonizazioaren bidean premiazko urrats sendoak eta irmoak ematera behartzen gaitu, energiaren arloan bereziki", dio Udalbiltzako lehendakari Jabi Asurmendi Sainzek, gidaren (PDF) aitzin-solasean."Gauzak horrela, hamarkada hau gakoa izango da behar-beharrezkoa den eraldaketa energetikorako bidean aurrera egiteko; eta funtsezkoa izango da energia iturriak ez ezik, energia kudeatzeko zein kontsumitzeko erak eta pentsaerak ere birplanteatzea. Egoerak interbentzio transbertsalak sustatzea eskatzen du: argindarra, beroa, mugikortasuna... Horrekin guztiarekin batera, energia jendearentzat oinarrizko ondasuna den heinean, herritarren erabakimena eta energia baliabideen demokratizazioa ezinbestekoa ere bada arlo energetikoan".

Energia burujabetza

"Hala, energiaren erabilpenak eta kontrolak herritarren eskuetan egon behar du, bai ala bai", gaineratu du Asurmendik. "Izan ere, Euskal Herriko ehunka etxetan ez dute bitartekorik neguan berogailua pizteko edo argindarraren faktura urtean zehar ordaintzeko. Eta honi guztiari gehitu behar zaio azken aldi honetan energiaren arloan ematen ari den inolako mugarik gabeko prezioen gorakada eta ziurgabetasun egoera. Gainera, ezin dugu ahaztu herri bezala dugun kanpoko menpekotasuna energiaren arloan, beraz, ezinbestekoa da menpekotasun hori apurtzen hastea eta herri bezala gure azpiegitura energetikoak, menpekotasunik gabekoak, burujabeak eta jasangarriak sortzen joatea berandu baino lehen".