Espainiako gobernuak energia berriztagarriekiko hartu duen jarrera kritikatu du Juan López de Uraldek lamarea.com-en idatzitako artikulu batean. Madrildik arazo ekonomiko soil gisa planteatu badute ere, espainiar estatuan berriztagarriei beti oztopoak jarri zaizkiela esan du.
Gobernutik energia garbiak garestiak direla diote, baina López de Uraldek dioenez, produktoreek boterea ez galtzeko egindako erasoak dira. Bere ustez, ematen dituzten onurei begiratu ere ez diete egiten. Egoera ekonomikoarekin larrituta dabilen jendartean eragina izaten ari dela gaineratu du, eta gastu altua duela argudiatuz eguzki energia baztertzen ari direla.
Autokontsumoak ere, beste laguntzarik gabe emaitza onak eman dituela dio artikulugileak. Horrela, norbera bere energiaren sortzaile bilakatzen du, gastatu ez dena sare elektrikoari ematen dio, eta bueltan, sortutakoa nahikoa ez denean sare elektrikoak ematen dio.
Autokontsumoaren arrakastak beste batzuei galerak eragiten dizkie, ordea. “Oligopolio energetiko nagusiak ez dio autokontsumoari erraz garatzen utziko. Interes gehiegi dago egungo energia ereduari lotuta, garatzen jarraitzen uzteko”, esan du Juan López de Uraldek.
Energia berriztagarrien gaiari, esan du artikuluaren egileak, jendarteak berak eman behar dio buelta. “Energiarekin gertatzen ari denari erantzunik ematen ez bazaio ezingo da krisi ekonomikotik atera”. Espainiak oraindik ere urteko 45.000 milioi euroko gastua du erregai fosilen inportazioan.