Bihartik hasita eta larunbatera arte Energia Jardunaldiak egingo dituzte Gasteizen. Hitzaldi, mahai-inguru eta dokumentalen bidez, gaur egungo energi ereduaz eztabaidatu eta etorkizunerako bestelako bideak proposatu nahi dituzte jardunaldietako antolatzaileek.
Hitzaldi guztiak Aldabe Gizarte Etxean egingo dituzte, ostegunekoak izan ezik; horiek EHUko Letra Fakultatean izango dira. Dokumentalak, berriz, Auzolana pilotalekuan.
Bionekazaritza, Desazkundea, Fracking Ez Araba eta Mugarik Gabeko Ingeniaritza elkarteek, jasaten ari garen energi krisiarenganako kezkak akuilatuta, indarrak batu dituzte, “zein energia mota eta zertarako?”, galderari erantzuten saiatzeko.
Eta horretarako, egitarau mamitsua prestatu dute. Asteazken, ostegun eta ostiralean hiruna hitzaldi eta dokumental bana izango dira; xedea, hiru egun horietan, egoeraren diagnostikoa egitea da.
Lehenbiziko egunean energiari lotutako azpiegitura handiez eta horien aurreko erresistentziez jardungo dira, hainbat borrokaren lekukotza eta guzti.
Ostegunean, “Energiaren demokratizazioa” lelopean, mintzalariek energiarekin zerikusia daukaten arazoak izango dizute hizpide, tokian tokikoak zein mundu mailakoak.
Hirugarren egunaren ardatza indarrean dugun eredua sakonki aztertzea izango da, erregai fosilekiko dependentziari arreta berezia eskainita.
Hiru egunetan, hitzaldiak arratsaldeko 18:00etan hasi eta 21:30ean bukatuko dira. Dokumental emanaldiak, berriz, 21:45erako iragarri dituzte. Besteak beste, Gasland, Euskal Herria: ezkutuko zorra eta A crude awakening. The oil crash (Iratzartze gordina. Petrolioaren talka) izango dira ikusgai.
Larunbatean emango diete akabera jardunaldiei, goizetik hasita. Azken hitzaldi sorta goizeko 10etan hasiko da, Aldabe Gizarte Etxean halaber. Azken egun horretan egungo ereduaren alternatibak izango dira ardatza. Hala, lau orduz, energia berriztagarriez –eta haien mugez–, hondakin bilketa ereduez, kontsumoaz eta elikadura-burujabetzaz mintzatuko dira hizlariak.
Azken hori, gainera, genero ikuspuntutik aztertuko dute Arantza Arrien eta Esti Redondo EHNE-Bizkaia sindikatuko kideek. Bazkari herrikoiaren ostean, arratsaldeko 16:30ean hasiko jardunaldien azken saioa, Eta orain zer? Antolatuko gara? izenburupeko eztabaida. Eredu energetiko berri baterako bidaia-orria, horratx gaia.