Energi eredu berri baten alde lanean diharduen Gure Energia plataformak autokontsumoa eta energia-balantze garbia bultzatzeko mozioak aurkeztuko ditu uztailean EAEko udaletan, Bilbon egindako prentsaurrekoan iragarri dutenez.
Gure Energiako kideek azaldu dutenez, balantze garbian oinarritutako autokontsumoa erregulatuta dago munduko herrialde askotan. Mekanismoaren funtsa da ekoizleek beren instalazioek sortutako energia kontsumitu eta soberakina sare orokorrera bideratzen dutela.
Aldiz, instalazio hori geldi dagoenean edo gutxi ekoizten ari denean, ekoizleek saretik hartzen dute behar duten energia. Sarera isuritakoaren eta saretik hartutakoaren arteko diferentziaren arabera egiten da ordainketa (edo kobraketa). Ekoizleak norbanakoak ere izan daitezke.
Kutsadura gutxituko luke
Gure Energiaren arabera, sistema horrek abantaila ugari ditu: batetik, autokontsumorako erabiltzen diren energi iturriak, gehienetan, berriztagarriak izaten dira. Horrek erregai fosil gutxiago erabiltzea ahalbidetzen du, eta ondorioz CO2 gutxiago emititzea.
Gainera, autokontsumoak deszentralizazioa dakar, ekoizpena gune gehiagotan egiten baita. Horrek efizientzia handitzen du (garraioan gertatzen diren galerak gutxitzen direlako, besteak beste), eta konpainia handiekiko mendekotasuna ahultzen du. Halaber, autokontsumoa sustatzeak lanpostuak sortzeko balioko lukeela azpimarratu dute.
Espainiako Gobernuak itxi nahi duen bidea
Alta, Espainiako Estatuko legediak ez du kontuan hartzen balantze garbiaren aukera, Gure Energiak salatu duenez. Aitzitik, Madrilgo Gobernuak iragarrita daukan legedi berriak zigortu egingo du bide hori, tasa bat ordainaraziko baitie energia ekoitzi eta sarera igorri gabe kontsumitzen dutenei. “Horrek guztiak helburu garbia du: herritarren energi autogestioari oztopoak jartzea, oligopolio handien mesedetan”.
Legedi berriak –adierazi dute– berriztagarriak garesti direlako mitoa sendotzen du, eta argudio horrekin, besteak beste, erregai fosilen ez ohiko erauzketa-metodoak justifikatzen dira. Frackinga, esaterako.
Aurkeztuko duten mozioa onartzen duten udalek konpromiso bikoitza hartuko dute: batetik, Eusko Jaurlaritzari eta Espainiako gobernuari eskatuko diete balantze garbian oinarritutako autokontsumoa sustatu, erraztu eta arautu dezatela. Bestetik, Jaurlaritzari eskatuko diote indarrean dagoen legediaren aurka azaldu dadila, eta Madrili, berriz, legedi hori lehen bai lehen alda dezala.