argia.eus
INPRIMATU
Eneko Oregi (Hamaikabat): “Aguraingo Ertzaintzaren aurkako erasoak Mitchelle Printzipioak urratu ditu”
  • Eneko Oregi Hamaikabat-eko presidenteordearekin izandako elkarrizketa argitaratuko dugu datorren asteko ARGIAn. Hona elkarrizketaren zati baten aurrerapena.

    Aguraingo Ertzaintzaren aurkako erasoari buruz ezker abertzaleak emandako azalpenaz zer iritzi duzu?

    Ezker abertzaleak batzuetan atzeraka dabilela ematen du. Adibidez, Aguraingoa baino askoz eraso gogorragoak izan ziren iraganeko prozesuetan. Ezker abertzaleak [EH] Ibarretxerekin legealdi ituna sinatu zuenean oso bortitza zen kale borroka, baina bere jarrera argiago izan zen orain baino. Aguraingoaren ondoren azaldu duen jarrerak gaizki pentsarazi nau, bere jarrera epela edo beldurtia izan baita. Izugarri larria izan gabe ere, erasoak Mitchell Printzipioak urratu ditu bete-betean. Eta printzipio horiek dira oinarri. Urraketa ez dela larria izan? Ados. Baina nork esan dezake eraso larriago baten aurrean jarrera antzekoa hartuko ez duenik. Ezker abertzaleak aukera on bat galdu du erantzun ulergarriagoa emateko.

2010ko uztailaren 01
Eneko Oregi

Eneko Oregi Euskara Aholku Batzordeko kidea izan zen aurreko legealdian. Patxi Lopez lehendakariaren Gobernuak daraman hizkuntza politikaz bere iritzia eman digu.

Ibarretxeren Gobernuaren garaian “XXI. Mende hasierako hizkuntza politikaren oinarriak” txostena landu zutenetako bat zara. Zer adieraziko zenuke egungo Eusko Jaurlaritzaren politikaz arlo horretan?

Dokumentuak eztabaida sakona eta zabala lantzeko aukera eman zuen. Idazketa taldean sentsibilitate politiko ezberdineko pertsonak geunden, beraz eztabaida bizia izan genuen. Euskara Aholku Batzordea 50 lagun inguruk osatua izan zen eta ekarpen asko egin zen. Prozesu horren ondorioz, Itun berri baterantz dokumentua onartu zuen Batzordeak.

Dokumentu hori Patxi Baztarrikari zor zaio neurri handi batean, bultzatzaile nagusia bera izan baitzen. Oso dokumentu inportantea da hainbat sentsibilitateko euskaldunak bildu zituelako: alderdi sozialistarenak, abertzaletasun demokratikoarenak, ezker abertzalearen ingurukoak... PPren inguruko baten bat ere aritu zen, gutxiago, ez zuen aurrekoek izan zuten ordezkaritza hartu eztabaidan, PPk ez zuelako nahi.

Dokumentu hori inportantea zatekeen. Ez ziren politika konkretuak zehaztu, baina euskararen politikaren ildoan oinarrizko politika taiutzeko beharrezko den adostasun zabala lortu zuen. Egungo Eusko Jaurlaritzak jaso ahal zezakeen ondarea, tresna eta oinarria da. Patxi Lopezek dokumentua Gobernu honen hizkuntza politikaren oinarria dela dioen arren, uste dut, hartzen ari diren neurriek ez dutela deus ikustekorik gogoeta horiekin. Jarrera horrek Lopezen Jaurlaritza PPren menpeko dagoela agertzen du. PPk alderdi sozialista behartu du neurri oso murriztaileak hartzera, oinarri gabe politikak, erraietatik sortutako politikak.