Donostiako alkateak ostegunean egin duen agerraldian azaldu du urriaren 16an egongo den politika orokorreko udal plenoa izango dela azkena alkate moduan, dimisioa emango baitu. Kargua uzteko "momentu egokia" dela esan du eta aspaldi hartutako erabakia dela. Ez du argitu zeinek hartuko dion erreleboa: "Hori nire alderdiari [EAJ] dagokio".
Eneko Goia ez da alkate izango urriaren 16tik aurrera. Politika orokorreko udal plenoa igarotzean dimisioa emango duela azaldu du ostegun honetan, Donostiako udaletxean prentsaren aurrean egindako agerraldian.
"Aspalditik" hartutako erabakia dela esan du eta bere alderdi EAJrekin partekatutakoa. "Uste dut ona dela hasiera eta amaiera duten zikloak izatea, eta nire zikloa amaitu da", esan du. Azaldu duenez, horretaz jabetu zen kazetari batek galdetu zionean alkate "eternoa" izateko asmoa ote zuen: "Orduan jarri nion nire buruari hamar urteko muga alkate gisa".
Erabakia arrazoi pertsonalengatik edo politikoengatik hartu ote duen galdetuta, esan du "gauzak ikusteko" bere moduagatik hartu duela. Bosgarren legegintzaldi bat ez zuela egingo argi zuen Goiak: "Arriskua egon daiteke hiria pertsonarekin konfunditzeko, burua hotz eduki behar da".
Hemendik aurrera Donostiako alkate zein izango den ez du argitu Goiak: "Hori ez dagokit niri, erabakia nire alderdiak hartuko du", esan du". Nolanahi ere, talde "oso ona" uzten duela nabarmendu nahi izan du. EiTB-ek zabaldu duenez, gaur egun alkateorde eta Kultura, Kirol eta Turismo zinegotzia den Jon Insausti izan daiteke ordezkoa.
Bere agintaldian egindakoen eta egitekoen artean, Topoa eta AHTren geltokia izan ditu aipagai, besteak beste. Topoari dagokionez onartu du obrak "oso deserosoak" izan direla, baina hala ere defendatu egin du proiektua, hiria "atzean ez geratzeko".