Emakume askok jasaten duten gaixotasuna da endometriosia. Uteroa estaltzen duen ehunarekin zerikusia du eta gaixotasuna pairatzen duenak ehuna organoetatik zabaltzen du hilekoa izaten duenean. Odola ongi kanporatzen ez denez, noduluak sortzen dira eta min handia sortzen du. Medikuek hilerokoak sortutako minarekin erlazionatzen dute maiz.
Hilerokoa dutenean eta erlazio sexualak izatean mina sentitzen dutelako edota haurdun geratu ezin direlako ohartzen dira emakume asko gaixotasunaz. Endometriosia duten Kataluniako Emakumeen Elkarteko kide Cristina Gurruchaga kataluniarra elkarrizketatu du La Directak. Azaltzen duenez, “ugalkorrak diren emakumeen %10ari eragiten dio gaitzak, hau da, biztanleriaren %5ari”.
“Endometriosia gizonezkoek jasango balute, gehiago ikertuko litzateke”. Oraindik sendabiderik ez duen gaixotasuna da, ordea, Gurruchagaren esanetan. Mina eta ondorioak gutxitzeko hainbat botika eta pilula ematen dira baina ez dute lortzen gaixotasunarekin amaitzea.
Sendagile eta ginekologo askok ere gaixotasunaren berri ez dutela adierazi du. Horren ondorioz, lanean baja hartu beharra izaten dutenean “ohiko gaixotasun” moduan definitzen dute. Ikerketa batek dionaren arabera, “hilabetean hamaika lan ordu galtzea eragiten du” gaitzak.