Sentimenduak izan da gaia Galdera Basatiak podcastaren seigarren atalean, eta horren bueltan zeharkatu dituzte Iñigo Martinezek eta Gari Moyak maitasuna, gorrotoa, tristura, haserrea... Hitz egin dezagun sentimenduen eta emozioen inguruan, baina gogoetatu ere, gogoetatu dezagun: "Modan jarri da emozioen inguruan hitz egitea, eta hitz egiten da asko, bai, baina oso gutxi hausnartzen da".
Esaten da, Julio Cesarrek Rubikon ibaia gurutzatu eta erromatarren eta italiarren arteko bataila izan zenean, hura irabazi eta etxera itzulitakoan, bere zaldiak aske utzi zituela, haiekiko maitasun keinu gisa, inguruko larreetan ardurarik gabe bizi zitezen. Zaldiek, baina, tristuraz hartu zuten jabearengandik bereiztea, eta negar egin omen zuten. Ez dakigu tristura horrek luzaroan iraun ote zien, zeren Julio Cesarrek denbora gutxi beharko zuen beste zaldirik aldamenean hartzeko. Jabea gorrotatzera, baina, ez nuke pentsatu nahi heldu zirenik; heltzekotan, lehenago izan zedila.
Eros eta tanatos. Maitasuna eta gorrotoa. Horiek dira oinarri-oinarrizkotzat jotzen diren gizakion bi sentimenduak. Maitasuna lehenetsi eta gorrotoa ahalik eta gehien baztertu beharko genukeela esango genuke, baina Gari Moya filosofia irakasle eta Jakinmin elkarteko kidearen ustez biak zaizkigu beharrezkoak, biek dute euren balioa. "Niri, hala ere, gehiago kostatzen zait gorrotoa sentitzea maitasuna baino; baina bizi gara, egia esan, gorrotoaren gizartean", adierazi du Moyak.
Zein emozio egiten zaion interesgarrien galdegin dio Martinezek Moyari, eta harridura erantzun du, "hortik datozelako bizitzaren galderak". Eta, hortaz, haurrak direla lehenengo filosofoak, helduak baino dezente gehiago: "Iloba txiki bat daukat, eta denarekin flipatzen du, zer da hau, zer hura, zergatik... Jakinduriarako motorra izan daiteke harridura".
Filosofia ikasketak egiteaz aparte, psikologia ere ikasi zuen Moyak, baina ez zuen argi ikusten ofizioa. Gernikako Bake Etxean egiten zituen haur filosofia saioek zabaldu zizkioten begiak, "hor ikusi nuen hori zela bidea". Izan ere, bere ustez, gainditu beharreko eredua da filosofiako irakasleak "orduak txapa botatzen egon", ikasleak apunteak hartzen jarri eta azterketa eguna iristean botaka egitea. Klasea emateko modu askoz ere praktikoagoak ditu Moyak, podcastean azaltzen duenez.
"Ez gaude ohituta gisa honetako ikasgaiak modu honetan ematera, eta hasieran harridura handiz hartzen badute ere, gero zintzotasunez egiten dute, onartzen dute dinamika, ematen diegu hitza eta gustura eta pozik ibiltzen dira", egin du aldarri Moyak, eta adibide bat ipini du, klase batzuetan ikusi izan duenetakoa: "Magikoa iruditzen zait irakasleok eseri, beraiek gidari moduan ipini eta ikustean harrapatzen dutela saioak nondik nora joan behar duen, badakitela zer bilatzen dudan irakasle moduan; nola entzuten duten elkar, nola eskatzen dituzten kontradibideak... Eta, entzuten dudanean beraien arteko eztabaidan 'esan duzun hori falazia bat da', argudioekin osatuta, sentitzen dut nire lana egin dudala".
"Emotibismo huts batean ari gara jausten"
"Modan jarri da emozioen inguruan hitz egitea, eta hitz egiten da asko, bai, baina oso gutxi hausnartzen da", esan du Moyak. Finean: "Jausten ari gara emotibismo huts batean".
Ez da soilik gertatzen ari, Moyaren ustez, harremanen esparruan; are, esparru politikoan geroz eta gehiago ari da emotibismoa nagusitzen. Eta arazo bat ikusten du hor: "Sentitzen duguna geroz eta gehiago bihurtzen da arrazoitzat, eta hori ez litzateke horrela izan beharko, zeren arriskatzen ari gara falazia batean jaustea etengabe, eta ofendituta, triste edo haserre sentitzeak ez du esan nahi arrazoia daukazunik". Eta hori, askotan, ezker eta bereziki eskuin muturrek egiten dutela uste du Moyak, " hausnarketa desagertu eta emozioak erabiltzen dira propaganda egiteko".