Ikusi izan ditugu animaliak zineman: txakurrak, tximinoak eta txerriak, esaterako. Baina oilo bat protagonista duen pelikularik nik ez dut ikusi sekulan, behintzat. A priori astakeria dirudi: oiloa baino animalia inespresiboagorik ez zait bururatzen. Hegoak astindu ditzake eta soinuak egin, noski; baina ez negarrik, ez beste ezer. Ba, ez dakit nola lortu duten Kota (Oiloa) filmaren György Pálfi zuzendariak eta taldeak, baina lan honetako protagonistak pertsona zirudien batzuetan; adi, aurtengo Oscar Sarietan aktore onenaren saria lortzen ez badu, askorik hitz egin ez duelako izango da.
Lan xelebrea eta originala iruditu zait: oilo bat ikusi dugu arrautza bat erruten, eta bertatik txita beltz txiki bat jaio da, pila bat txita horiren artean. Oilo haztegitik ihes egitea lortu, eta odisea sinesgaitz batera abiatu da: kamioi batetik ihes egin, azeri bati iskin egin, eta etxe batera iritsi da. Etxearen jabeak bere oiloekin batera gorde du, arrautzak jasotzeko, baina gure oiloak ez du atsegin bere kumetxoak lapurtzea. Horrela, abentura oso entretenigarria ikusi dugu gaur Antiguako zinemara gerturatu garenok; barreak ere entzun dira pelikulan zehar.
Kamera trikimailu, musika eta beste hainbat tresnaz izugarri ondo karakterizatu du oiloa: drametan ohikoa izaten den maitasun esporadikoren bat ikusi dugu, eta baita bahiketak, lapurretak eta heriotzak ere. Oiloaren tramari, gainera, etxearen jabearen eta bere familiaren bigarren azpi-trama bat gehitu zaio gero, eta oso rol garrantzitsua izan du oiloak trama horretan ere. Kontu serioagoak ere jazo dira, baina, esango nuke ez dutela bigarren azterketa egiterik merezi, nik, behintzat, komediatik ulertu baitut lana.
Benetan azpimarragarria iruditu zait oiloaren antzezpena –hala deitu badiezaioket, bederen–sinesgarri egiteko burutu duten lana. Ezin dut imajinatu ere egin zenbat grabaketa, efektu berezi eta abar nahastuko zituzten; zinez, ez dakit nola egin duten. Azken finean, txakurrak nolabait hezi eta entrena daitezke, baina oiloak?! Kuriositate gisan, oiloaren rola ez du oilo bakarrak egin, kredituetan sei edo zazpi oiloren izenak ikusi ditut.