argia.eus
INPRIMATU
Emakundek 200 kantu ez sexista proposatu ditu jaietarako, horietatik soilik 24 euskaraz
  • Emakundek herriko jaietan erabiltzeko 200 kantu ez sexisten bilduma osatu du. Soilik 24 dira euskaraz eta horietatik bost dira bakarrik aktibo dauden euskal emakumeenak.

Xalba Ramirez @xalbaram 2017ko abuztuaren 08a

Estilo guztietako kantuak jarri ditu Emakundek txosnen, tabernen eta herritarren esku, Beldur Barik programaren barruan, “musika eredu berriak ikusgarri egin eta emakumeek musikan duten lekua aldarrikatzeko”.

Euskaraz, hamazazpi talderen 24 kantu soilik jarri dituzte. Horietatik aktibo dauden emakumeak La Basu eta Aneguria, Izaro, Zea Mays, Hesian eta Hutsa dira bakarrik. Aktibo dauden gainontzeko euskal musikariak Berri Txarrak, Esne Beltza, Itziarren Semeak eta Mikel Markez dira.

Zerrendako gainontzeko kantuak honela banatuta daude hizkuntzaka: Ingelesez 90, gaztelaniaz 82, frantsesez hiru eta katalanez bat.

Estilo aniztasuna bilatu dute, Emakunderen arabera “musika ez da matxista, gizarteak egiten duen erabilera ordea bai. Cumbia doinuak, indie musika dela, rock-a, punk-a... indarkeria sexistarik, sexismorik gabeko soinuak izan daitezke. Eta hori da gure playlist-aren helburu bat ere.”