Euskal Herriko mundu akademikoan berdintasunaren alorrean erreferente dela-eta, Teresa del Valle EHUko Gizarte Antropologia katedradunari emango diote Berdintasunaren Emakunde Saria. 73 urteko donostiarrak "lan handia egin du emakumeen errealitatearen ezagutzaren transmisioan, eta bereziki euskal emakumeen errealitatearen transmisioan", Emakundeko zuzendari Maria Silvestreren esanetan. Besteak beste, antropologia feminista, antropologia politikoa, errituak, aldaketa soziala eta denbora kategoriak aztertu izan ditu Del Vallek.