Greba feminista historikoa

Zuzeneko jarraipena
  • Euskal Herriko Mugimendu Feministak Martxoaren 8an “planto” egitera deitu du. Lau arlotan jarri dute fokua antolatzaileek eta horietan izango dira aldarrikapen nagusiak greba egunean: lan greba, zaintza greba, ikasle greba eta kontsumo greba. Eragile eta langile ugarik eman diote babesa deialdiari. Eguerdian eta iluntzean manifestazioak daude deituta hiriburuetan eta herri askotan. Egunaren nondik norakoei etengabeko jarraipena egiten ari gara.


2018ko martxoaren 08an - 07:08
Gakoak
Bermeoko Sorgin Orratzak deituta, hiru orduko kalejira, turruna hotsa eta minutu bateko isilunea

Sorgin Orratz talde feministak herriko hainbat txokotan margoketak egin eta eskulturak apaindu ditu. Hiru orduko kalejira zaratatsua antolatu du, herriko kale eta lantegietan barrena 11:00etan Goiko Plazatik abiatuta. Lameran eguerdiko 13:00etan elkarretaratzea egingo dute.

Hiru ordu horietan kofradiako sirenak, turrunak eta elizako kanpaiak joko dituzte "hil diren andra guztien omenez" eta minutu bateko isilunea ere egingo dute.

 

Ertzaintzak hainbat lagun identifikatu ditu Gasteizen, grebaren antolakuntzatik jakinarazi dutenez

Gasteizko M8ko antolatzaileek jakinarazi dutenez El Pilar inguruan lau emakume identifikatu dituzte ertzainek, eta zeramaten materiala kendu die.

 

ARGIAko kide eta kolaboratzaileen sareak zuzeneko jarraipena bost hiriburutan

Martxoaren 8ko greba feministari zuzeneko jarraipena egingo diogu gure webgunean, eguneko gerkatari, mobilizazio eta irudi ikusgarrienak jasoko ditugu. Horretarako ARGIAko kide eta kolaboratzaileen sarea antolatu dugu bost hiriburutan.

-Iruñean Xabier Letona ariko da, bertako pikete informatiboak eta mobilizazioak jarraitzen.

-Onintza Irureta eta Estitxu Eizagirrek Barakaldo eta Bilboko ekimenen berri emango digute greba aktiboa eginez.

-Maddi Txintxurreta eta Miren Osa Donostian izango dira, grebaren antolakuntzatik esaten direnak gertutik jarraitzen.

-Karla Pisanok Gasteiztik jarraituko du eguna, greba feministak Arabako hiriburuan duen eragina azaltzeko asmoz.

-Jenofa Berhokoirigoin Baionan izango da, deialdi, mobilizazio eta gertaeren berri ematen.

-Amaia Lekunberrik Bilboko eguerdiko manifestazioa eta grebak arratsaldean Ondarroan utziko duena jarraituko ditu.

Gaur inoiz baino gehiago, ARGIAn albisteak argi morez emango ditugu, erredakzioan lanean ariko diren gizonezko kazetariak ere horretara jarrita izango dira gehienean.

 

Emakume guztiek zaintza-greba eginez gero, zenbat pertsona zaindu beharko lituzke gizon bakoitzak?

Hainbat gizon M8an zaintza kolektiboak antolatzen ari diren honetan, ariketa proposatu dit Estitxu lankideak: 16-69 urte arteko gizon bakoitzak 14 urtetik beherako eta 70etik gorako zenbat pertsona hartu beharko lituzke bere gain, denen zaintza bermatzeko? Hego Euskal Herriko datu demografikoetara jo dut. Eta datuek harritu egin naute: Hego Euskal Herrian dauden 14 urtetik beherako haur eta gazteak (386.981) eta 70etik gorako adinekoak (460.892) batuta (guztira 847.872 lagun, soilik adinaren irizpidea kontuan hartuz agian zaintza behar dutenak), horiek guztiak gutxiago dira 16 eta 69 urte artean dituzten gizon kopurua baino (973.879). Alegia, gizon bakoitzak haur edo zahar bakar bat zainduta, soberan leudeke bermatuta zaintza zamak. Segi artikulua irakurtzen lotura honetan.

 

Aldaketa sozialak eragin zituzten emakumeen irudiak, Tuvisako autobusean

Martxoaren 8tik aurrera, garraioa eta aldaketa sozialen alorrean aitzindari izandako bost emakumeren irudia dituen Tuvisako autobus batek Gasteizko kaleak zeharkatuko ditu. Gaur goizean aurkeztu dute irudi hau daraman autobusa, I.D Arte eta Diseinuko Goi Mailako Eskolako ikasleek landu dutena. Horrela, Tuvisak bat egin du martxoaren 8aren harira antolatutako ekimenekin. Amelia Earhart, Rosa Parks, Maria Teresa de Filippis, Bertha Benz eta Catalina Garcia omendu ditu autobus konpainiak. Albiste osoa irakurri nahi baduzu, Aleak argitaratu du.

 

"Konturatu ginen gure ikastolan ere matxismoa erreproduzitzen genuela eta aldaketaren oinarri handi bat gure esku zegoela"

DBH 3 eta 4. mailan dauden 14-16 urteko ikasleek, euren interes eta ekimenez iaz sortutako kolektibo feminista da Eguzki Moreak, Bilboko Artxandape ikastolan. Ostegunero jolastorduan asanblada egiten dute eta ekintzak antolatzen dituzte egun berezietan. Martxoaren 8rako ere egitarau oparoa prestatu dute. Irakurri artikulu osoa hemen.

 

TOP 10 | M8aren beldur diren matxisten adierazpenak

M8ko greba feministak matxisten hautsak harrotu ditu, eta bat baino gehiago kikildu da emakumeen mobilizazioen aurrean. Feminismoak urduritzen dituen matxisten adierazpenen Top10a ekarri dugu ARGIAra.

 

Joaluak jaio dira

Iruñeko Farrukas talde feministak bideoa sareratu du Martxoaren 8an 'Joaluak' jaioko direla iragartzeko.

Nola planteatu dute greba feminista ikastetxeek?

Emakume hezitzaileek greba egingo dutela-eta, oro har ikastetxeetan lanketa inportante bat geratu da bazterrean: zaintzaren ikuspegia familia-elkarteekin hitz egitea eta aitekin adibidez zaintza kolektiboak antolatzea. Hurrengo ediziotarako erronka hori dutela azaldu digu STEILAS sindikatuko Ana Perezek.

Ikastetxe batzuetan norbanako aukera moduan planteatu da greba, bilera kolektiborik gabe eta oso ikuspegi indibidualistatik; beste batzuetan irakasle klaustroak egin dituzte eta nagusitu den ideia da emakume irakasleek greba egiten duten bitartean, gizonezko irakasleak arduratuko direla eskolara doazen ikasleez; ikastetxeko zuzendaritza ere txandaka hartuko dute gizonek (zuzendaritzako norbaitek egon behar baitu uneoro, arauz). Curriculuma jarraitzea baino, zaintza bermatzea izango litzateke lehentasuna, klaseak normal emateko zailtasunak egon daitezkeela aurreikusita.

Segi artikulua irakurtzen lotura honetan.

 

Emakumeek greba egiteko zaintza kolektiboa antolatu du Egiako Arrano Elkarteak

Emakumeek zaintza greba ere egingo dute aurtengo martxoaren 8an. Hori posible egiteko, Egiako Arrano Elkarteko bazkide diren gizon batzuek zaintza kolektiboa antolatu dute. Arrano Kultur Elkarteko Juntak zabaldu duen mezuak dioenez, "Arranoko Juntako kideok, M8ko planteamenduarekin bat eginaz, egun horretan bereziki seme alaben otordu eta zainketaz gizonezkoak arduratu behar direla uste dugu. Horregatik, emakumeak greba egin ezin duten kasuei irtenbidea emateko aukera izan nahi du honek".

17:00etatik aurrera eta afari-merienda

17:00etatik aurrera zainduko dituzte auzolanean umeak (auzoko eskolatik 16:30ean irteten dira umeak), eta Egiako Antxeta aisialdi taldeak ere parte hartuko du zaintzan. Antolaketa errazteko, aurrez izena emateko emaila zabaldu dute (arranoelkartea@gmail.com). Gizonezkoei ere dei egin diete e-posta berera idatzi eta laguntza eman dezaten.

Auzoko haurrak zaintzeaz gain, afari merienda ere prestatuko dute, Mugimendu Feministak deitutako manifestaziotik datozen emakumeentzako.

Esther Arruti: "Lan produktiboaz eta erreproduktiboaz hausnartzera bultzatu nahi da jendea, kaleak emakumez betez"
Gernikan ere bai
Munillak feministak deabrutzat hartu dituenekoa
“Afroféminas” aldizkari digitalak ez du bat egingo M8ko grebarekin

Greba aurreko gertaerei eta ekintzei arreta jarri die aldizkariko kideek, hedabideek eta buru politikoek zein jarrera hartu duten ikusi dute, eta ondorioztatu dute haien erabakia hartu zezaketen bakarra dela emakume beltz eta zuriak ez beste guztiak diren neurrian.

Aldizkarian grebarekin bat ez egiteko arrazoiak eman dituzte eta ondokoa adierazi dute: “Esan zaigu grebarekin bat egiteko, bat gehi bat bi delakoan, baina kontua da herrialde honetan feminismo hegemonikoan bat gehi bat bat dela. Inklusioaren aldeko aurpegi garbiketa, kartelean emakume beltza, eta askoz gehiago ez. Ez gara agertzen, gure jarrerak ez dira bistaratzen eta gure aldarrikapen nagusia, hau da, arrazismoa, alboratu egiten da, ez baitzaio inolako garrantzirik ematen. Arrakalarik handiena zurien eta zuriak ez garenon artean dago. Diskriminazio bikoitza edo hirukoitza jasaten dugu eta batzuetan emakume zuriengandik jasotzen dugu, baita inguru feministetatik ere. Hortik hasten ez garen bitartean gutxi daukagu elkarrekin aldarrikatzeko. Badakigu gogorra dela entzuteko, baina esan behar da”.

Bizkaiko Aldundia garbitzen duten Garbialdiko langileek ere deia
Lizarran mural feminista marraztu dute

Patriahorkadok igotako argazki hauetan ikus daiteke Lizarran egin duten murala.

 

Bilboko metroko emakumeek ere planto egingo dute
Basauriko Lanbiden protesta egin dute
15.000 pertsona Vigoko protesta feministan

Vigon hasi dira M8ko greba feministarako giroa berotzen. Galegas 8M taldeak deitu zuen manifestaziora, eta bere datuen arabera, 15.000 pertsona batu dira deialdira emakumeen aurkako diskriminazioa salatzeko.

Parte hartu dutenak morez jantzita egin dute, eta manifestazioaren buruan “Emakumeen bizitza aldatzeko” zioen pankarta eraman dute. Manifestariek eskatu dute datorren osteguneko grebak “bide berri” bat zabaltzeko balio izatea. Horretarako “lurra astinduko” dutela esan dute Vigoko feministak.

 


 

 

Donostiako Txantxarreka gaztetxeko gizonek emakumeentzako otorduak eskainiko dituzte M8an

Donostiako Antiguo auzoko Txantxarreka gaztetxeak martxoaren 8ko greba feministarekin bat egin du eta egun horretarako ekimenak antolatu dituzte.

Txantxarreka gaztetxeko gizonek greba egin ezin duten emakumeei irtenbide bat eman nahi diete. Emakumeentzako eta haurrentzako doako bazkaria emango dute, eta arratsaldean, umeak eskolatik ateratzen direnean, gaztetxeko gizonek euren zaintzaren kargu hartuko dute ordu batzuez.

Martxoaren 8an seme-alabak gaztetxean uzteko asmoa duenak, edota bazkaltzera joan nahi duen emakume orok m8txantxarreka@gmail.com helbidera idazteko eskatu dute antolatzaileek.

 

Munilla: “Deabruak gola sartu dio feminismoari”

Jose Ignacio Munilla Donostiako gotzainak martxoaren 8ko emakumeen grebaz hitz egin du Radio Maria irratian eta feminismoaren aurkako adierazpen gogorrak egin ditu.

Bi feminismo mota bereizi ditu: “femeninoa” batetik, hots, gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasun legala eta juridikoa bermatzen duena, eta “feminismo erradikala” bestetik. Azken honen kontra mintzo da Donostiako gotzaina, bere ustez gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasun “erabatekoa” bilatzen duen feminismo erradikala ez baita zilegi. Are, feminismoari “deabruak gola sartu” diola esan du: “Bitxia da deabruak bere aldetik gola nola sartu duen ikustea. Feminismoak genero ideologia onartuta harakiria egin dio bere buruari”.

Bestalde, Munillak feminismoaren kontra egin du abortu librea eta doakoa, antisorgailuen erabilera eta lesbianismoa eta bisexualitatea defendatzeagatik. Abortua “emakumeen genozidioarekin” parekatu du.

Zaintzen balioaz ohartzeko mezuak utzi dituzte supermerkatuko hainbat txokotan Gasteizen

Gasteizen zaintzen balioa aldarrikatu zuten greba feministarako astebeteren faltan. “Etxeko eta zaintza-lanak doan eta modu prekarizatuan egiten ditugu; lan merkatukoak, esplotazio balditzetan. Egindako lanengatik egokituko litzaiguken nominak banatu ditugu”, Hala Bedik jaso duenez.

 

Estereotipoen aurrean planto egiteko deia zabaldu dute Bilbon

Bilbon kontsumo grebari buruzko ekintza egin zuten. Zubiaurre merkatal gunean egungo kontsumo ereduaren eta emakumeei inposatzen zaizkien edertasun prototipoen aurka egin zuten. Segurtasun agenteekin liskarrak izan zituzten eraikinetik ateratzeko esan zietenean; emakumeek ezetzarekin erantzun zuten. Azkenean ertzainek identifikatu egin zituzten bertan zeuden ekintzaile batzuek.

 
Bilbon kontsumo kapitalistaren aurkako ekintza

BILBO.- Greba giroa berotzeko Zubiarte merkatal zentruan egindako ekintzaren bideoa hemen. Martxoaren 8an ere kontsumo greba egingo dugu!!

Posted by Emakumeok planto on Monday, February 26, 2018

 

Kontsumo eredua ezbaian jarri dute Iruñean

Iruñean, besteak beste, Txantreako emakumeak kalera atera ziren informazio orriak banatzera. Astean zehar hainbat ekintza egin dituzten protesta gisa: arropa denda komertzialetako erakusleihoak paperez josi zituzten emakumeen gain dauden estereotipoak salatzeko. Hala nola, “kapitalismoak kontsumitzen gaitu!” eta “kapitalismoak hiltzen gaitu” zioten mezuak jarri zituzten.

 

Donostiako gizonezko estatuei ere mantalak jarri dizkiete

Martxoak 8 heltzear da eta herri nahiz hiriburuetako kaleak aldarrikapenez betetzen hasiak dira. Pasa den larunbatean kalejira egin zuen emakume talde batek Donostiako kaleetan zehar. Emakumeen Etxetik hasi, Alde Zaharra zeharkatu eta Bulebardean amaitu zuten martxa. Kalean zebiltzan emakumezkoei esku orriak banatzeaz gain, “emakumeok planto” zioten dozena bat pankarta jarri zituzten. Baita mantalak jarri ere hiriko gizonezko estatuei ere. Zaintza gizonen lana ere badela gogorarazi zuten, beraiena ere badela ardura. Argazkia eta bideoa: Malen Aldalur

Greba feminista: hiriburuetako manifestazioak zehaztu dituzte

Arratsaldeko 20:00etan izango dira Hego Euskal Herriko mobilizazioak. Ipar Euskal Herrian,aldiz, 18:30tan Baionako Herriko Etxean bildutzeko deia zabaldu dute.

 

 

Herriz herri martxoak 8rako egitaraua osatzen hasi dira

Otsailaren 20tik greba egunera arte jardungo dira lanean Zumaian.

 

Telemarketineko sektorea feminizatua eta prekarioa dela salatu du ELAk bideo bidez

 

M8ko grebari begira, Gasteizko Mugimendu Feminista Lanbideko egoitzan sartu da prekarietatea salatzera

 

Gasteizko estatuak grebarako atondu dituzte

Gasteizko estatua ugari martxoaren 8ko greba feministarI begira atondu dituzte Gasteizko Greba Asanbladako kideek." Gaurkoan amantalak kalera atera eta grebarako deialdia zabaltzen jarraitu dugu. Grebarekin bat egiten duen emakume* oro berdina egitera animatzen dugu, emakumeok* egiten dugun ezkutatutako lan ez onartuak eta gutxietziak azalera atera ditzagun!", adierazi dute.

 

Gizonen ekarpenak M8ko greba feministaren baitan

 

Gehiengo sindikalak M8ko lanuzteak babestu ditu

ELA, LAB, ESK, Steilas, EHNE Bizkaia eta Hiruk Euskal Herriko Mugimendu Feministak martxoaren 8rako deitu duen greba babestu dute eta goizeko eta arratsaldeko lanuzteen deialdia erregistratu dute Bilbon. Otsailaren 7an gauza bera egingo dute Iruñean.

Datozen asanbladak Euskal Herrian

Araba:

- Gasteiz, otsailak 7, 19:00etan Simone de Beauvoir-en

- Gasteiz, otsailak 8, 18:30etan Gaztetxean (Ikasleen greba antolatzeko deialdia)

Bizkaia:

- Getxo, otsailak 15, 19:30etan Abian (antigua herriko)

- Ezkerraldea, otsailak 18, 10:30etan lekua zehazteke

- Bilbo, otsailak 17, 10:30etan La Bolsan, ganbaran

Gipuzkoa:

- Tolosaldea, otsailak 6, 19:00etan Tolosako Kultur Etxean

- Urola Erdi Kosta eskualdea, otsailak 7, Zestoako Kultur Etxean

- Donostian, otsailak 7, 19:00etan, Txondorra Kulturgune Autogestionatuan

- Orereta, otsailak 7, 19:00etan, Emakume pixua (Gaztañoko euskotren geltoki parean)

- Beasain, otsailak 8, 19:00etan, lekua konfirmatzeke

- Urola Garaia, otsailak 8, 19:00etan Zumarragako Kultur Etxean

- Hernani, otsailak 13, 18:00etan Biteri Kultur Etxean

- Deba bailara, otsailak 15, Aretxabaletan (lekua zehazteke)

- Andoain, otsailak 15, 19:30etan, Andoaingo Gaztetxean

Nafarroa:

- Iruñerria, otsailak 7, 18:00etan Maravillas Gaztetxean

- Lizarra, otsailak 7, 18:00etan Maria Vicuñan

- Arrosadia, otsailak 8, 20:15etan Auzo Etxean-CCSSI

- Tafalla, otsailak 8, 20:00etan Kultur Etxean

- Donibane, otsailak 14, 19:00etan Auzo Lokalean

- Iturrama, otsailak 14, 20:00etan Erletokian

- Tutera, otsailak 17, 17:00etan Lourdes Kultur Etxean

 

Manifestua: emakumeok* planto!

M8 GREBA FEMINISTA

Iaz, 70 herrialde baino gehiagotan, emakumeek* nazioarteko emakumeen* grebarako deialdia zabaldu zuten, emakumeen* kontra indarkeria eta desberdintasun molde ugari eragiten dituen munduaren aurrean.

Aurtengo martxoaren 8an Euskal Herriko mugimendu feministak bat egin nahi du EMAKUMEOK* PLANTO aldarriarekin, menpean hartzen eta zapaltzen gaituen sistema kapitalista, arrazista eta heteropatriarkala salatzeko. Honako eguna bide luze baten abiapuntua izango da. Bide horretan, aliantza berriak ehunduko ditugu, bateratuz eta elkar ezagutuz, gure borrokak berriz pentsatuz, erresistentzia berriak eraikiz, eta baztertzen gaituen mundutik askatuz, betiere alternatiba feminista bat sortzeko helburuarekin.

Sistema honek sexuaren araberako lan banaketa bultzatzen du, eta ezkutatzen eta gutxiesten ditu bai feminizatutako ogibideak, bai bizitzaren iraunkortasunarekin eta zaintzarekin lotutakotako lanak (hazkuntza, heziketa, biziraupenerako nekazaritza, mendekotasun egoeran daude pertsonen arreta, elkartasun sareak, euskarri afektiboa…). Sistema honek ez ditu emakumeen* enpleguak modu berean baloratzen (guk urtean batez beste gizonek baino 7.489 euro gutxiago kobratzen ditugu), feminizatutako lanbideen eta autonomoen prekarietatea sustatzen du, eta ikusezin bilakatzen ditu zaintza lanak, neurri handi batean emakumeek* doan eginak, eta nagusiki migratutakoek. Etxeko langileen %87 atzerritarrak dira, %46 etxe barneko langileak dira, eta herenak baino gehiagok ez dute lan kontraturik. Sistema honek gure burujabetza ekonomikoa oztopatzen jarraitzen du, bigarren mailako soldatekin zigortzen gaituzten aldi baterako eta lanaldi partzialeko kontratuen bitartez (lanaldi partzialen %76,3 emakumeei* dagokie, eta emakumeen* 27,6k aldi baterako kontratua dute). Baina, era berean, horrek guztiak gure bizitza pertsonala, soziala eta politikoa bateratzea eragozten duen gurpil zoro batera bultzatzen gaitu. Sistema honek indarkeria ekonomikoaz jazartzen gaitu.

Egiturazko desberdintasun sistematikoaz zipriztindutako testuinguru horretan, hainbat indarkeria moldek (sexista, arrazista eta klasista) zeharkatzen gaituzte, haien artean elkar gurutzatu eta behin eta berriz errepikatzen dira. Ez dago hilketa, sexu eraso edo jazarpenik gabeko egunik. Bitartean, hedabideek gure arreta desbideratzen dute, ahaztu eta dirua xahutu leloa gauzatzera animatzen gaituzten kontsumo eredu berrien bidez. Haien helburua lortzeko ez dute nolanahiko estrategia erabiltzen: emakumezkoen* irudiak baliatzen dituzte sexu objektu gisara, eta estereotipo sexistak sistematikoki barreiatzen dituzte. Eta bitartean, eskoletan hezkuntza sistema patriarkal eta androzentrikoa nagusitzen da, emakumeen* ekarpen historikoak alboratzen dituena, merkatuko premietara zuzendutako gaiak eta edukiak hobesten dituena, eta genero rolak auzitan jarri ez eta errotzen dituena.

Horrenbestez, emakumeek, lesbianek, transek, migratutakoek gure aniztasun osoan PLANTO EGINGO DUGU! Eta martxoaren 8an greba feministarako deialdia zabalduko dugu EZETZ esateko, nahikoa dela, hitz-jario ustelekin eta ekintzen eskasiarekin nekatuta gaudela, diskurtso hutsalek ez zaizkigula jadanik balio:

Ekonomia eraldatu nahi dugu. Egungo eredu ekonomikoa bere oinarrietatik eztabaidatzearen aldeko apustua egingo dugu. Era berean, merkatuari so egin beharrean, pertsonen bizitzak eta lurra erdigunean jarriko duen ekonomia bat eraikitzea sustatuko dugu. Enpleguen eta zaintza lanen bidezko eta berdintasunezko banaketa nahi dugu, eta ondasun komunak pribatizatzeari utz diezaiotela exijitzen dugu.

Egungo gizarte eredua eta eredu ekonomikoa berraztertu nahi dugu. Ez dugu emakumeak* eta natura esplotatzeaz batera, gu pobretu eta gure bizitza zein burujabetza garatzeko baliabideak lapurtzen dizkigun sistemaren partaide izan nahi.

Sexuaren araberako lan banaketa suntsitu nahi dugu, eta pertsona zein erakunde publiko orok zaintzen kudeaketan duen ardura bere gain har dezala.

Atzerritarrei buruzko legea, migrazio politikak eta gizarte politikak etengabe gogortzen eta murrizten ari dela salatzen dugu, horiek guztiek emakumeak* larri erasaten dituztelako.

Hierarkiak ezartzen eta pertsonen ezaugarri bereizgarriak zigortzen dituen egungo pentsamendu arrazista eta kolonialarekin hautsi nahi dugu. Aniztasunak ondasun komun bezala duen balioa nabarmentzearen alde gaude: baldintza berdinetan askotarikoak garela aitortu.

Politikan eta ekonomian erabakitzeko ahalmena duten eremuetan berdintasunez parte hartu nahi dugu; espazio horietan, ikuspegi feministaz gain, ikuspegi intersekzionala ere txertatu nagi dugu, jatorri, klase, adin, etnia, aniztasun funtzional, sexu joera eta genero identitatearen ondorioz zeharkatzen gaituzten diferentziak aztertzeko.

Indarkeria mota orotatik aske dagoen bizitza nahi dugu, gure gorputz, gure sexualitate eta gure lurraldeari dagozkien erabakiak hartzeko dugun eskubidea aitor diezagutela.

Muga guztiak gaindituko dituen greba feminista bat proposatzen ari gara: gure aldarrikapenak lan munduaz harago doaz, lanaren kontzeptua birplanteatu nahi dugu, eta horretarako zaintza betebeharrei eta kontsumoari lotutako lanuztearen aldeko apustua egingo dugu, egungo eredu neoliberal predatzaile, arrazista eta koloniala auzitan jartzeko. Bizi dugun lan eta gizarte gatazka ez da sekula konponduko ugalketaren eremuari so egiten ez badiogu. Emakumeek* kalean, etxean, lantokian eta eremu intimoan hartzen duten espazioa berriro moldatu nahi dugu. Gure borrokak lan esparrua, politika, bizitza eta ekonomia zeharkatzen ditu. Hau ez da defentsarako greba hutsa: eredu osoa aldatuko duten proposamen politikoekin aterako gara kalera!

Hortaz, martxoaren 8an grebarako deialdia zabalduko dugu, lan, ikasketa, zaintza eta kontsumo esparruetan. Emakumeei* dei egingo diegu eskoletan eta lantokietan lanuzteak egitera eta 12:00etan eta 20:00etan gauzatuko diren mobilizazio nagusietan parte hartzera. Emakumeei* dei egingo diegu zaintzak eta ugalketa lanak ez egitera, eta, grebaren seinale gisa, besoko morea janztera, eta balkoi nahiz leihoetan amantalak eskegitzera. Era berean, ez kontsumitzeko deia ere egingo dugu: agindu kontsumisten kontra altxa gaitezen, bereziki enpresa eta merkataritza gune handiak saihestuz, azkeneko horiek baitira lan esplotazioaren eta baliabideen ustiaketa basatiaren ikur esanguratsuenetakoak.

Nazioarteko greba bat izango da. Ez da greba arrunta izango: herriz herri sortuko diren ekintzekin osatuko da, eta mobilizazioak beste aldarrikapen batzuekin uztartuko dira. Gure aniztasunetik zabaltzen dugu greba feministarako deia Euskal Herrian; alegia, gure gorputz, gure bizipen, gure adierazpen molde, munduan egoteko modu ezberdinen aniztasunetik. Jakin badakigulako zeharkatzen gaituzten desberdintasun eta prekarietateek patriarkatuaren borrokan, soldatapeko lan munduan, zaintzan, kontsumoan eta gure eskubideen erabileran leku anitzetan kokatzen gaituztela.

Greba GUZTIONA DA!

Eta planto egingo bagenu? Eta egiten dugun guztia egingo ez bagenu? Aurtengo martxoaren 8an ikusiko dugu.

*‘Emakume’ izendapena erabiliko dugu, martxoaren 8ko greba feministan artikulazio politikorako baliagarria delakoan, nahiz eta genero sistema bitarraz gaindi askotariko gorputz, ibilbide, bizipen, ahalmen eta identitateak bagaren (bollerak, transak…).

Martxoaren 8an greba egiteko zazpi arrazoi

Norentzat da greba feminista deialdia? Emakumeak, lesbianak, etorkinak, transak gure aniztasun osoan PLANTO EGINGO DUGU! Greba feministarako deialdia zabaltzen dugu BASAKERIA HONI EZETZ esateko. Nahikoa da, hitz-jario ustelekin eta ekintzen eskasiarekin nekatuta gaude.

1) Lantoki eta ikasgeletan lanuzteetara batuz 

2) Herri eta hirietako mobilizazioetara joanez. Hiriburuetan bi hitzordu nagusi: 12.00etan eta 20.00etan 

3) Amantala (edota beste edozein tresna) balkoitik eskegiz zaintza lanak azaleratzeko.

4) Edonon zaudela besoko morea jantziz. Zuk zeuk egin ezazu!

5) Zaintzeari utziz, lan hori beste emakumeen* esku utzi gabe, besteek egin dezatela!

6) Greba zabalduz eta zure eskualdean antolaketan parte hartuz. Mobilizazioetan zure eremuko aldarrikapenekin blokea antolatu dezakezu.

7) Merkatuan kontsumitzeari utziz, batez ere langileen esplotazioaren ikur diren enpresa handietan, objektutzat hartzen gaituztenak

 

Gaur, 18:00etan, Urola Garaia Eskualdeko Greba Feministari buruzko asanblada, Zumarragako Kultur Etxean

 

<< <
1 2 3 4
> >>

Kanal honetatik interesatuko zaizu: M8 greba feminista
Greba feminista burutu dute Ipar Euskal Herrian

Frantziako Estatu mailan bideraturiko greba feministari lotu dira Ipar Euskal Herriko sindikatuak eta talde feministak ere. Soldatapeko lanean, zaintzan eta kontsumoan bideratu dute greba.


Kaleak betetzeko antolatu gaitezen

Hilabeteren buruan feministok emakume* langileon egunean kaleak hartzera aterako gara. Urteroko zita dugu, urtez urte gogoz antolatu eta prestatu duguna. Pasa den astean atzera begirada arin bat egin genuen Portugaleteko asanbladan, 2018ko eta 2019ko greba feministak... [+]


Gezurrak, iruzurrak eta manipulazioak Guardia Zibilak M8ko manifestazioaz idatzitako txostenean

Guardia Zibilak informazio faltsuak eta adierazpen manipulatuak sartu zituen M8ko manifestazioari buruzko txostenean, Espainiako Gobernuari pandemiaren hedapenaren errua leporatzeko, manifestazioa baimendu izanagatik. Txosten horrek ekarri du Moncloak Madrilgo erkidegoan duen... [+]


2020-03-09 | Zuriñe Rodriguez
Zuriketa morea Gasteiztik at

"Oso azkar goaz", "baina helduta goaz" esan zion emakume batek beste bati Gasteizko Olagibel kalean, justuki Ertzaintzaren komisaldegiaren parean. Eguerdiko 12:30ak ziren gutxi gorabehera. Aldi berean, toki berean, "Gora borroka feminista!" oihuak... [+]


Eguneraketa berriak daude