argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen salerosketa egotzi diote Opus Deiren ‘bigarrenari’
  • Mariano Fazio apaiza, Opus Deiren buru izateko oinordekoen zerrendan lehena, lau hamardaketan zehar gutxienez 43 emakume esplotatu dituen sare baten parte zela ondorioztatu dute PROTEX Argentinako Pertsonen Salerosketaren aurkako Prokuradoretza eta Argentinako auzitegi batek. Sareaen kide izatea leporatu diete ere 1990ko hamarkadatik 2022ra Opus Deiren Buenos Aireseko bikario izan diren hiru apaizari. 

Eneko Imaz Galparsoro 2025eko uztailaren 03a
Leon XIV. aita santuak Opus Deiko buru Fernando Ocáriz (ezkerrean) eta Mariano Faziorekin (eskuinean) izandako bilera, maiatzaren hasieran. Vatican Media

Bi urtez isilpean burututako ikerketa baten ostean, iazko irailean PROTEX Argentinako Pertsonen Salerosketaren aurkako Prokuradoretza erakundeak eta Argentinako auzitegi batek emakumeen salerosketa sare baten parte izatea leporatu zieten hiru apaizei, hirurak Opus Deiren Buenos Aireseko bikario izandakoak: Carlos Nannei (1991-2000), Patricio Olmos (2000-2010) eta Víctor Urrestarazu (2014-2022). Olmos eta Urrestarazuren artean kargu bera eduki zuen Mariano Fazio (2010-2014) ez zegoen akusatuen artean, zenbaitek susmagarri jo zuena.

Bada, asteazkenean heldu da haren aurkako akusazioa: PROTEXek eginiko ikerketaren arabera, lau hamarkadetan zehar gutxienez 43 emakume esplotatu zituzten Argentinako Opus Deiren buruek behartutako lanetan, horien artean Fazio bera. Horrela dio ikerketa aurkezten duen txostenak, El Diario hedabide digitalaren arabera. Opus Deiko Buenos Aireseko bikario izan ostean, Fazio 2014an heldu zen Vatikanora, Jorge Mario Bergoglio argentinarra aita santu hautatu eta urtebetera.

Frantzisko aita santuarekin harreman ona zuen Faziok, eta hori baliatuta nahi izan zuen orduko Opus Deiko buru Javier Echevarríak. Izan ere, El Diariok aipatutako iturri batzuen arabera, Vatikanoan eta Opus Dein "kezkatuta" zeuden aita santuaren pentsamendu aurrerakoiagatik, eta hura kontrolatzeko jarri zuten Fazio haren ondoan. Egun, Opus Deien buru izateko oinordekoen zerrendan lehena da Buenos Aireseko bikario ohia.

Vatikanoa, Opus Deiri "pribilegioak" kentzeko bidean

Frantzisko aita santuak 2022ko urrian iragarri zuen Opus Deik azken 40 urteetan Eliza Katolikoareen egituran izandako estatus bereziarekin amaitzeko asmoa zuela. Hori egiteko, Ad charisma tuendum idatzia argitaratu zuen, zeinaren ondorioz Opus Deiren prelatu nagusia ez da gotzain izango, eta urtero txosten bat aurkeztu beharko dio aita santuari. Bergoglioren heriotzaren ostean, Leon XIV. hautatu zuten aita santu maiatzaren hasieran, eta antza Vatikanoaren aurreko buruak abiatutako bidearekin jarraitzeko asmoa du: hala adierazi zien aita santu izendatu eta astebetera Faziori eta Opus Deiko buru Fernando Ocáriz espainiarrari, hirurek edukitako bilera batean.