argia.eus
INPRIMATU
Emakumeen presentzia nabarmenarekin herriz herri dabil euskarazko film laburren Laburbira zirkuitua
  • Martxoaren 20an Bergaran hasi zen hamaseigarren Laburbira zirkuitua eta Valentzian amaituko da apirilaren 13an. Aurten bederatzi film labur ikusteko aukera emango du eta datu bat nabarmentzen da: bederatzi lan horietatik zazpi emakumeek zuzendu dituzte.

ARGIA @argia 2019ko martxoaren 26a

Ikusi ahal izango direl film labur guztiak 2016 eta 2018 bitartean eginak dira eta askotariko eskaintza osatzen dute: maitasun istorioak, tentsio bizikoak, animaziozko lanak, magia, intriga eta umorea besteak beste.

Antolatzaileek azpimarratu dutenez, sortzaile gazteen lanak dira gehienak, baina badira esperientzia luzeko zuzendarienak ere tartean. Aurtengo datu deigarriena, nolanahi ere, emakumeen presentzia da: bederatzi filmetatik zazpi emakumeek zuzendutakoak dira.

Denak batuta, ordubeteko proiekzioa eskaintzen du Laburbirak eta joan den astetik herriz herri dabil Euskaltzaleen Topaguneak bultzatzen duen egitasmo hau. Aste honetan Areetatik, Sestaotik, Hernanitik, Algortatik, Dimatik, Areatzatik, Orkoiendik, Valladolidetik, Azkoititik, Eraso-Imotzetik eta Paristik pasako da.

Emanaldi batzuetan, gainera, film laburrak proiektatzeaz gain zuzendariekin solasaldiak antolatu dituzte.

Emanaldi guztien egitaraua eta ikusgai izango diren film laburren inguruko informazioa egitasmoaren webgunean aurki daiteke.