Norbere gorputzaren jabe dela aldarrikatu nahi dute emakumeen osasun eskubidearen alde egingo den hirugarren edizioan. Sexu eta ugalketa librea eskatu dute, eta munduan ematen ari diren atzerapausoak gelditzeko. Martxa Anoeta estadiotik aterako da 12:00etan.
Emakumeen eskubideen alde lan egiten duten lau elkartek antolatu dute Donostiako martxa: Haurralde, Kimetz, Eraldatzen eta Malen Etxeak. Nire gorputzarekiko eskubidea dut kanpaina abiarazi dute maiatzaren 18ra begira, eta osasun eredu unibertsala eta publikoa eskatu dute. Antolatzaileen ustez, sexualitatea eta ugalketa desberdintzeko garaia da eta munduan zehar ematen ari diren atzerapausoak gelditzeko urratsak eman behar dira.
Maiatzaren 18ko martxaz gain, 19an eta 20an Nire gorputzaz erabakitzeko eskubidea jardunaldiak antolatu dituzte, Donostian. Lehenengo egunean abortu eskubideari helduko diote eta Begoña Zabala abokatuak Espainiako Gobernuaren aurreproiektuak ekarri duenaz hitz egingo du. Ondoren, Begoña San Josék Espainian abortua gaia landuko du. Hilaren 20ko saioan, besteak beste, sexu bortizkeria emakumeen gorputzak kontrolatzeko erabiltzeaz arituko dira.
Ondoko bideoan antolatzaileetako baten azalpenak.