argia.eus
INPRIMATU
Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxak “lurraren defentsan” mobilizatu da eta Gazte Feministak Zaldibarreko Baterajotzearen berri eman du
  • Larunbatean Donostian amaitu den "gerra eta kapitalismoaren kontrako" Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxaren VI. ekintza izan da. Euskal Herriko Gazte Feministak Baterajotzea deitu du urriaren 31tik azaroaren 2ra, Zaldibarren. "Kaleak hartu eta konspirazio, borroka eta iraultza feministan jarraitzeko topagunea" izango dela adierazi dute.

Unai Lomana Uribezubia 2025eko maiatzaren 12a
Aurreko urtean Euskal Herriko Gazte Feministak egindako Baterajotzea. Euskal Herriko Gazte Feministak

Euskal Herriko Emakumeen* Mundu Martxako Nazioarteko VI. ekintzak Donostian izan zuen amaiera, manifestazio nazionalarekin. Goiz-goizetik Bardeetatik abiatu den martxak Aramaio, Gernika eta Irun-Hendaia zeharkatu ditu, eta horiek aldarrikapenen lekuko izan dira.

Bardeetan, martxaren hasierarekin bat, gogoratu dute Euskal Herriko gobernuek milioika euro bideratzen dituztela "armagintzara eta militarizaziora", eta salatu dute gutxienez 100 enpresa direla armagintzarekin lotuta daudenak Euskal Herrian. Aramaion, berriz, lurraren defentsaren aldarriei eutsi diete. Adierazi dute lurraren kontrako erasoak euren "gorputz indibidual zein kolektiboen kontrako erasoak" ere badirela, eta aldarrikatu dute irtenbidea lurraren, herrien eta izakien arteko "harreman orekatuetatik etorriko" dela.

Ondoren, Gernikan egon dira eta salatu dute Guggenheim-Urdaibaiko makroproiektua ez dela kasu isolatua eta lurrak errentagarritasun ekonomikoaren arabera neurtzearen ondorio dela. Irun-Hendaian ere izan dira, horien artean dagoen zubian, zehazki. Bertan "aplikatzen dituzten migrazio politika arrazistak" salatu dituzte, eta kolonialismoa eta arrazismoa "egiturazko arazo" izanik, "begirada dekoloniala izatea ezinbestekoa" dela oroitarazi dute.

Euskal Herriko Emakumeen Martxan Gernikan egindako elkarretaratzea. Euskal Herriko Emakumeen Martxa

Martxa Donostian izandako manifestazio nazionalarekin amaitu da. Aldarrikatu dute "migrazio politikak, indarkeria matxista, kapitalismoa eta gerra salatzeko eta lurraren defentsaren aldeko aldarrikapenak kalera ateratzeko" eguna izan dela. Halaber, amaiera ekitaldian, apirilaren 25ean Haron senarrak eraildako Miriam Olivera ekarri dute gogora. Adierazi dute ez direla nekatuko eskatzeaz indarkeria matxistari aurre egiteko "borondate politikoa, tresnak, neurriak eta baliabideak" behar direla. Gizonei zera esan diete: "Zuen arteko konplizitateak hiltzen gaitu, zuen pribilegioek zapaltzen gaituzte eta zuengandik eta zuentzat sorturiko egiturek zapaltzen gaituzte". Azkenik, azpimarratu dute genero indarkeria "egitura soziala" dela eta eta emakumeen bizitzak eta gorputzak zeharkatzen dituela.

Iraultza feministan jarraitzeko topagunea

Larunbatean egindako prentsaurrekoan ezagutarazi dute aurtengo Baterajotzea Zaldibarren izango dela, urriaren 31tik azaroaren 2ra. Egungo testuingurua izan dute hizpide, eta adierazi dute "pobrezia, krudeltasuna eta odolusteak" ematen ari direla gaur egun. Horren adibide dira: "Neoliberalismoak dakartzan pribatizazio politikak, emakumeek pairatzen duten karga bikoitza, migrazio politikak, etxegabetzeak, gazte independentisten kriminalizazioa, krisi ekologikoaren ukazioa edota Palestinaren aurkako genozidioa". Bide horretatik, "haienak ez diren" gerren aurrean intsumisioz erantzuten dutela esan dute, eta aldiz, "haien kontrako" gerrak egiten dituztela ikusgai.

Azpimarratu dute "gorputzen, herrien eta bizitzen burujabetzaren aldeko apustua" egiten dutela, eta ohartarazi "feminismoaren aurkako erasoen, misoginia modernoaren eta lege errepresiboen aurrean" antolakuntza feministaren aldean lerratzen direla. Ondorioz, "garaipenak eskuratzen jarraitzeko estrategien pentsalekua" Zaldibar izango dela aldarrikatu dute, baita "kaleak hartu eta konspirazio, borroka eta iraultza feministan jarraitzeko" topagunea ere.