Ekainaren 10ean atxilotu zuen Ertzaintzak 53 urteko gizon bat, apirilaren 26an 90 urteko ama hiltzea leporatuta. Horren aurkako mobilizazioak egingo dituzte Barakaldon, Bilbon, Gasteizen, Donostian eta Iruñean astelehen arratsaldean.
Euskal Herriko Emakumeen Mundu Martxak hilketa matxista salatzeko oharra kaleratu du, eta herritarrei dei egin die ekainaren 13ko mobilizazioetan parte hartzera. 19:00etan izan dira Barakaldokoa (Bide Onean plazan) eta Donostiakoa (Boulevard plazan); 19:30ean, berriz, Bilbokoa (Arriaga plazan) eta Gasteizkoa (Andra Mari Zuriaren plazan); Iruñekoa 20:00etan izango da (Udaletxe plazan).
Ertzaintzak pasa den ostiralean atxilotu zuen 53 urteko gizonezkoa, Barakaldon, haren 90 urteko ama hiltzea egotzita. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, apirilaren 26an hil zen andrea, Gurutzetako ospitalean. Semearen arabera, erori egin zen emakumea eta horregatik zituen lesioak. Osasun langileek, ordea, indarkeria zantzuak atzeman zizkioten, eta Ertzaintzak ikerketa abiatu zuen Barakaldoko 4. Instrukzio Epaitegiak eskatuta. Ondorioztatu zuten semeak berak eragin zizkiola lesioak, eta, gainera, ospitalera eraman zutenerako oso larri zegoela, aurrez ez zutelako behar bezala artatu.
Emakumeen Mundu Martxak ohartarazi du 2022an Euskal Herrian egindako bigarren hilketa matxista litzatekeela azken hori. Familia arteko indarkeria matxista salatu dute: “Emakumeok* lehen eskutik dakigu zein arrisku dagoen etxe barruan eta gure bizitzetako espazio pribatuan”. Horri aurre egiteko kalera irteten jarraitzeko deia egin dute, “egiturazko indarkeria hori salatzera”. “Nazkatuta eta batzuetan nekatuta egon arren, badakigu borrokatzen eta kalera irteten jarraitzea besterik ez dugula”, gogorarazi dute.
Halaber, “erantzun kolektiboak” eskatu dizkiete erakundeei eta administrazio publikoei, bereziki bizitzaren zaintzarekin zerikusia duten zerbitzu publikoekin.